Etxebizitzen prezioak ukitu gabe, konponbiderik ez

Europako Batzordeak etxebizitza eskuragarria bultzatzeko plan bat aurkeztu du berriki. Diagnostikoan ez dago iruzurrik: batez besteko igoerak aintzat hartuta, 2013 eta 2024 artean etxebizitzen prezioa %60 igo zen, eta, alokairuena, %20, lehenengo aldiz «errenta ertainen eta funtsezko langileen» bizi baldintzak ere kolokan jarriz. Ez da dagoeneko bakarrik pobreen arazoa, eta horregatik heldu behar zaio, antza. Horretarako, Bruselaren arabera, Europak bi milioi etxebizitza berri behar ditu urtero.

Planak lau hanka ditu, baina ez pisu berekoak. Lehenik eta behin, etxebizitza eskaintza handitzeko, burokrazia gutxitu eta eraikuntza baimenak erraztuko dituzte. Bigarrenik, inbertsio publiko eta pribatua mobilizatu nahi dute, dagoeneko funtzionatzen ari diren funtsak erabiliz eta tresna berriak sortuz. Hirugarren atalean, tentsio handiko eremuetan epe motzeko alokairuak erregulatu eta espekulazioa eteteko neurriak jasotzen dira. Eta azkenik, errenta gutxiko pertsonentzat konponbide posibleak jasotzen dira.

Planak badu alde positiborik, diagnostikotik haratago. Tentsio handiko eremuak aipatzen ditu naturaltasun osoz, hala nola epe motzeko alokairuak erregulatzeko beharra. Hemen eskuinarentzat eskandalagarria dena, komenigarria da Pirinioetatik bestaldera, baita kontserbadoreentzat ere.

Baina letra txikiari erreparatuz, zaila da pentsatzea Bruselaren plan berri honek etxebizitzaren prezioaren gorakada gelditzen lagunduko duenik. Ez behintzat modu esanguratsuan. Eztabaida daiteke noraino den beharrezkoa etxebizitza berriak eraikitzea, baina prezioetan modu zuzenean eskua sartu gabe, denak merkatuaren esku jarraitzen du. Bakarrik erregulatuko dira prezioak? 2008ko krisiaren aurreko boom eraikitzaileak ez zuen ezertan lagundu merkatua hozten. Ildo berean, espekulazioa gelditzeko neurriak hutsaren hurrengoa dira, gomendioak eta analisi berriak baino ez baitira iragartzen. Etxebizitzarekin negozio galanta egiten dutenen etekinak murrizteko ezer egin ezean, etxebizitzaren arazoa konponduko ez duen enegarren plana baino ez da izango Bruselak abendu honetan aurkeztutakoa.

Recherche