Euskal herri langilea abiapuntu eta helburu
Munduko hainbat txokotan bezala, Euskal Herrian ere Maiatzaren Lehena ospatu zen atzo. Aldarrikapen eta protesta eguna izan zen, amorrua eta aldaketa nahia kiskaltzaile adierazi zituena. Ez da gutxiagorako. Lan falta sumingarri bat nozitu eta langabeziaren putzu sakonean erori den herri bat baita gurea, gero eta herritar gehiago babesgabe uzten duen politika ekonomiko bat jasaten duena, gizatasuna kendu eta sozialki gizartea hausten duena, promesa eta bere gauzapenaren arteko tartea etengabe handituz. Euskal Herriko kaleetara atera ziren milaka eta milaka herritarrek, lan duin bat, lansari justu eta bidezko bat lortzeko grina partekatua adierazteaz harago, ongizate kolektiboa eragozten, herri langilea azpiratzen duten politiken aurrean beren aurkakotasuna azaldu zuten. Hala, herri honek desira eta merezi dituen aldaketen aldeko leialtasuna erakutsiz.
Eragile sindikalek egin zituzten diskurtsoetan ez zen atzean utzitako ala bidean galdutako lorpenen nostalgia edo aurrera begira ageri diren erronka latzen inguruko ezkortasun eta ezina adierazi. Arazoak aldatu eta desorekak areagotu egin dira, eta hain zuzen horregatik, herri honek immobilismoan eta etsimenduan ez geratzea eskatzen du, agitazio sortzaile bat bultzatzea, aldaketak eskatzeaz gain, eragin eta bide ematea nahi du. Konfrontazioari iskin egingo ez dion baina iparra galduko ez duen apustua, ezkutuko, okerreko nahiz kausa herritarrentzat arrotz den agenda defendatuko ez duena. Erronka hori formulatzeko ez dira arrazoiak eta argudioak falta, ezta konbentzimendua eta ibilbidea ere. Erronka herritar desobediente hori egituratzeak, sindikatu bakoitzaren kalkulu edo egutegien gainetik, berebiziko garrantzia du.
Norabide horretan, sindikatuek zeregin eta zeresan handia dute, baina bakarka, edo eurak bakarrik, ezingo dute egin. Espazio publikoa okupatu eta interes kolektiboen defentsa antolatzeak erabakietan asmatu eta egun existitzen ez diren soluzioak asmatzea eskatzen du. Borrokari eustea, eta maila, beste maila bat, ematea. Euskal herri langilea abiapuntu eta helburu duen orori dagokion desafioa da. Euren eguneroko esfortzuaren bidez herri hau eraiki eta duintzen duten langileei egin dakiekeen omenaldi onena, defentsa azkarrena da.