Euskal Herria pentsatzeko modu bat, belaunaldi bat

Bi albistek astindu zuten atzo euskal herritar ez gutxiren goiza, bi pertsona ezagunen heriotzaren berri zekartenek, euskal herritar askoren imajinarioan leku berezia baitute biek. Francisco Letamendia “Ortzi”, abokatu, irakasle eta pentsalaria, eta Jokin Urain “Kixkur”, nekazari, idazle eta preso ohia. Biak ere ezkerreko abertzaleak, militantzian eta euren lan intelektualean.

Gazte-gaztetatik hasi zen Ortzi euskal presoen defendatzaile, Burgosko Prozesuan, hain zuzen, hango abokaturik gazteena zela. Parisera jo zuen frankismotik ihesi. Ezagunago egin zen 1978an Madrilgo Kongresuan ukabila gora bere herriaren askatasuna aldarrikatu zuenean. Autodeterminazioa, sozialismoa, internazionalismoa, feminismoa eta ekologismoa zituen ipar, gaur egun Euskal Herrian nagusi diren ideiak, hain zuzen. Eta bere herriaz idatzi zuen, historiaz eta politikaz, nazionalismoa eta herri borrokak ardatz zituela. 

Ortzik Burgosko Prozesuan Itziar Aizpurua debarra defendatu zuenean, Kixkur mendaroarrak 12 urte zituen, eta hurrengo hamarkadan Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen, Aizpuruak eta beste akusatuek, eta Ortzik berak, aldarrikatzen zituzten ideiak ukatuak eta jazarriak zirelako. Gero Poliziak atxilotu eta 27 urte eman zituen preso. Euskal presoen urruntzea eta segurtasun handieneko espetxeak ezagutu zituen bertatik bertara, eta ondoren sakabanatzea eta 197/06 doktrina, zigorra luzatu ziona harik eta Estrasburgoko Auzitegiak doktrina zital hura bertan behera utzi zuen arte. Kartzela urte haietan idatzi egin zuen. Asko eta ondo. Hasieran fikzioa; gero, saioa, batez ere lekukotasun eta memoria liburuak, denentzat, eta bereziki belaunaldi berrientzat, balio handikoak.  

Biak ere garai bateko borrokaren lekuko eta eragile, beren herriaren askatasunaren alde egitea mundu hobe baten aldeko ekarpen onena dela uste zutenak. Hala ziren Xabier Sanchez Erauskin eta Ramon Zallo ere. Nork bere arloan, zalantzarik gabeko ekarpena egin diote borroka horri. Beren gaitasun intelektuala ere jarri zuten laurek herriaren zerbitzuko. Badoa belaunaldi bat, Euskal Herria pentsatzeko eta egiteko modu bat. Baina utzi duten ondarea ez da hutsala.

Recherche