Euskarazko Wikipediaren balioak, ondare kolektibo
Erraz idazten da, mende laurdena beteta, 500.000 artikuluren langa gainditu du Euskarazko Wikipediak. Entziklopedia kolaboratiboa erreferentea da ezagutzaren alorrean, ezinbesteko tresna jakintzaren edozein eremutara modu arin eta errazean iristeko. Artikulu kopuru absolutuan, 33. hizkuntzarik onena da euskara. Bada marka. Kalitatea ere hizkuntza jakin batek Wikipediari egindako ekarpena neurtzeko modua da eta hor, katalanarekin batera, punta-puntakoa da euskara. Katalanaren ondoren, Europako hizkuntza gutxituen artean Wikipedian bigarren garatuen dagoen hizkuntza da. Autokonplazentzian erori gabe, baina, bai, euskaldunok harro sentitu gaitezke geure Wikipediaz.
Euskarazko Wikipedian egindako bisitetan %20ko jaitsiera eman da. Ez da soilik euskarari eragiten dion joera, edozein hizkuntzatako Wikipedia guztietan, baita hedabideetan eta dibulgazioko webguneetan ere fenomeno orokorra baita. Jaitsiera hori adimen artifizialaren hazkundearekin dago zuzenean lotuta eta, zehatzago, Google bilaketa zerbitzuaren Geminirekin. Zerumugan adimen artifizialak erakusten dituen aukerei eta mehatxuei bizkar emateke, bada hor zer hausnartu eta non asmatu. Baina aurrekariek baikor izateko motiboak eskaintzen dituzte. «Wikilari» deitzen diete euren buruei edonork editatu dezakeen entziklopedian jakintza eta eduki libreak zabaldu ez ezik, euskararen presentzia bera ere sustatzen duten boluntarioek. Eta guztien lan eskerga balio itzelekoa da, etorkizunari begiratzeko oinarri-oinarrizkoa.
Izan ere, auzolan ekintza erraldoia da, anonimoa, txoko askotatik tirriki-tarraka osatzen joan dena, konpromisoz, pasio betez. Zaila izango zen halako lana komunitatearekiko euskaldunen lotura sakonik gabe, kidetasunezko giroan disfrutatzen dena, etxeko idazmahaian, jubilatuen elkartean edo eskolan beren denbora eta ezagutza eskaintzen duten horiek guztiak gabe. Mundu digitaletan eta nonahi, bereari eutsi eta erronka berriei lotzeko gai den komunitaterik gabe. Ospatu beharreko ondare kolektiboa da, mugitzen duen guztiagatik, bultzatzen dituen balioengatik. Euskarazko Wikipediak balio paregabea dauka: sustatzen dituen balio horiek guztiak.