Faxismoaren aurkako euskal estrategia bat

Faxismoari aurre egiteko ez dago estrategia unibertsal eta Historiaz kanpokorik. Faxismoa borrokatu behar da, jakina, baina helburua gailentzea izan behar da. Eta horretarako, herri bakoitza, komunitate bakoitza eta are une historiko bakoitza bakarra da. AEBetan orain ultraeskuindarrak boteretik botatzeko egin behar dena ez da, seguru asko, Grezian Urrezko Egunsentia kartzelara bidean jartzeko egin behar izan den gauza bera. Pinocheten Konstituzioa aldatzeko egin diren gauzak eta bide horretan galdu direnak ere bakarrak dira, zentzu batean. Denboraz gaindikoak eta mundu osorako komunak diren lezioak ere badaude, ordea. Uneotan askatasunaren aurkako ufada mundu mailakoa baita. Bere jatorri historikoak, baita joera politikoak ere, globalak dira.

Espainiar faxismoak, ordea, baldintza propioak ditu. Euskal Herrian ondo ezagunak diren genealogiak eta indarrak ditu: Falangismoaren inspirazioarekin eta Francoren diktaduran garatutako botere egituren bitartez, ultraeskuina espainiar Trantsizioaren ardatz izan da. Kontzertazioaren protagonista izan da. Espainiar sistema politikoak dituen ahuldade gehienen iturrian eskuin horren indar politiko, ekonomiko eta soziala dago. Baita espainiar ezkerraren koldarkeria ere, jakina.

Egunotan, Madrilen PSOE eta Unidas Podemos-en Gobernuaren aurka giro kolpista indartzeko Vox-ek egin duen maniobraren aurrean, estrategia bat baino gehiago egon da. Batetik, espainiar ezkerrarena dago, konfrontazio dialektikoan zentratua. Independentismo katalanarena antzekoa izan da, ikuspuntu desberdinarekin bada ere. Bestetik, Gasteizen egin dutenari helduz, EAJ eta EH Bilduren jokabidea dago: interlokuzioa ukatu diete eta gainetik pasatu dira. Munduko esperientziak ikusita, zaila da estrategia zuzena zein den esatea. Gure borroka historikoek sortutako kultura politikoa dela medio, Euskal Herrian bigarren bide hau eraginkorra izan daiteke. Erakundeetan, noski; kalea beste kontu bat da-eta, agian.

Recherche