Garraioaren liberalizazioak langileak hiltzen ditu
Asteazken goizaldean bi kamioik aurrez aurre jo zuten N-113 errepidean, Fiteron. Lau bidaiariak hil egin ziren kolpearen ondorioz. Bikote bana zihoan kamioi bakoitzean: bata txekiarra eta bestea bulgariarra. Guztiak garraiolariak ziren, eta, beraz, lau langile hil zituen lan-istripuak, Euskal Herrian hamarkadetan izandako lan-istripurik larrienak, sindikatuen esanetan. Euskal errepideetan dagoeneko sei garraiolari hil dira aurtengo bi hilabete pasatxoan.
Istripu horrek agerian jarri du lan-baldintzak etengabe desarautzeak noraino eraman duen garraioaren sektorea. Istripuaren orduak, kamioi bakoitzeko bi gidari egoteak –ziur aski, bikote eta jatorriz Europa ekialdeko herrialdeetakoak– lan egiteko modu bat erakusten du, non soldata duina lortzeko, garraiolariek araudia estutu behar duten; hau da, bikoteka lan egin, bolantean txandaka ibili eta kabinan atseden hartu, kostuak murrizteko eta kilometro kopuru ahalik eta handiena egiteko. Hori dela kausa, gero eta ohikoagoa da bikotekideak edo bikote ezkonduak izatea jarduera horretan aritzen direnak, askotan soldata baxuko Europako herrialdeetatik etorri direnak. Hain baldintza ezegonkorren ifrentzu ankerra da nekea metatuz joaten dela zorigaitz bat gertatzen den arte. Ez da zorte txarra, garraiolariak esplotatzen dituen sistema bat baizik, eta, alde horretatik, erantzukizun politiko argia dago garraio sektorearen liberalizazioan.
Bestalde, ez da ahaztu behar maiz salatu izan dela errepide tarte hori arriskutsua dela, baina oraindik ez da obrarik egin; itxura denez, lehentasunak azpiegitura erraldoietan daude. Hain justu, astelehenean, Nafarroako Gobernuak behin-behinean onartu zuen A-15 eta AP-15 errepideen arteko lotune bat egiteko proiektua, tarte arriskutsu hori saihestuko lukeena, baina atzo hildako garraiolarientzat beranduegi iritsiko da.
Garraio sektorearen liberalizazioa tranpa bihurtu da kamioilarientzat, baina baita errepideetan dabiltzan herritarrentzat ere. Garraioko lan-segurtasunak liberalizazioa geldiaraztea eta azpiegituran inbertitzea eskatzen du: langileen eta, oro har, auto-gidarien bizitzaren eta osasunaren alde.