Gatazkaren egia, oso urruti, oso beharrezko
Pasa den ostiralean, «argitu gabeko atentatuen» gaineko txostena kaleratu zuen Lakuako Gobernuak: 220 hilketa biltzen zituen, horietatik %90 ETAk eragindakoak (197). Begibistakoa da lan horrek ez duela jasotzen jakiteko dagoen guztia, alde bati dagokionez behintzat. Euskal Memoria Fundazioak jakinarazi berri duenez, gerra zikinak 86 hildako eragin baitu zuzenki 1975 urtetik hona eta kasu horietako gehienak argitu, epaitu eta zigortu gabe daude.
Hori guztia zeharo argitu izan balitz ere, gatazkaren egia osoa oraindik urruti legoke. Izan ere, ekintza armatuen bidezko hilketek ez dute Euskal Herrian jasan den –eta oraindik jasaten den– indarkeria agortzen. GARAk, gaur, lan zabal batean gogora dakar oraindik guztiz iluna dela 80ko hamarkadan heroinak euskal gazteriaren artean eragin zuen triskantzaren afera. Gatazka politikoarekin lotuta dagoela adierazten duen zantzu susmagarri ugari dago: gure inguru geografikoan baino bortitzago jo zuen drogak Euskal Herrian, politikoki oso kontzientziatuta zeuden hainbat hiri eta auzo astindu zituen bereziki, Europa mailan poliziakide ratio handiena zuen lurraldean errazegi zabaldu zen heroina, salneurria ere merkeagoa zelarik...
Susmo garbia bezain lazgarria atera daiteke horretatik, baina ez da susmoa euskal herritarrek gatazkaren orria behin betiko pasatzeko behar dutena, egia baizik, egia osoa. Denbora asko pasa den arren, oso erraza litzaioke Estatuari dosier honi heltzea, bere garaian Estatuko Segurtasun Indarrak direlakoak eta heroinaren zabaltzearen arteko lotura ikertzen hasi zen gizona gaur egun Auzitegi Goreneko fiskal nagusia baita: Luis Navajas. Baina, hain zuzen, izendapen horrek kontrakoa frogatzen du: ez duela inolako asmorik.
Euskal Herriak bere bidea egin behar du, beraz, frankismoarenarekin oraindik gertatzen den bezala, «trantsizioaren» egia lurpetik atera dadin. Merezi dute biktima guztiek –ehunka gazte haien memoriak ere bai– eta behar du gizarte osoak, bestelako etorkizuna abiatzeko.