Indarkeria matxista eta egiteko dagoen bide luzea
Sei dira jada aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hildako emakumeak. Ostegunean, gizon batek 34 urteko bikotekide ohiari arma zuriz eraso egin zion Bilboko haren etxean, bi seme-alaba txikien aurrean, eta Gurutzetako Ospitalean hil zen ondoren emakumea. Gizonak aurrekariak zituen eta biktima Ertzaintzaren babespean zen, Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko Segurtasun sailburuaren arabera. Gertatutakoa zorrotz aztertu beharko da, babes sistemaren ahuleziak identifikatu eta zuzentzeko, indarkeria matxistak sustrai sakonagoak dituela ahaztu gabe.
Azaroaren 25aren biharamunean gertatu zen hilketa, indarkeria matxista salatzeko milaka lagun Euskal Herriko hiri eta herrietako kaleetara atera eta egun bat geroago. Kointzidentzia krudela eta adierazgarria da. Gizarte kontzientziazioa, salaketak eta protokoloak gorabehera, urteotako aurrerapausoek biktimen jario jasanezin batekin egiten dute talka. Izan ere, sei emakume hil dira aurten Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. Izen bakoitzaren atzean bizitza bat eta bidegabekeria bat daude, baina bat bera ere ez da kasu isolatua. Sistema heteropatriarkalaren ondorio dira guztiak, eta, aldi berean, sistema hori elikatu eta birsortzen dute.
Bilboko hilketaren itzala hauteskunde kanpainaraino iritsi da. EH Bilduk bertan behera utzi zituen atzo kanpainako ekitaldi guztiak, eta Ada Colauk osteguneko eztabaidan aipatu zuen. Emakumea ospitalean hilzorian zegoen bitartean, Santiago Abascalek behin eta berriz uko egin zion indarkeria matxista gaitzesteari, Alberto Nuñez Feijoo haren negazionismoari aurre egin gabe geratzen zen bitartean. Jarrera hori arazoa ukatzen duen diskurtsoaren adierazpen gordinena da. Indarkeria horren izaera matxista ukatzen du, eta eztabaida zigorrera edo erasotzaileen jatorrira desbideratzen du. Patriarkatuaren izaera transbertsala aitortzen ez duenak, ordea, nekez egingo dio aurre hura elikatzen duen indarkeriari. Feminismoa urrunegi joan dela diotenen aurrean, Bilboko hilketak gogorarazten du zenbat bide dagoen egiteko. Eta herritarrak ordezkatu nahi duen orori eskatu beharreko gutxienekoa da indarkeria matxista eta haren egiturazko izaera ez ukatzea.