Joko arauak iraulita, jokalari berria sartu da zelaian

Iragan larunbateko hauteskundeek harrotutako hautsak oraindik ez dira lurrean pausatu, baina dagoeneko Irlandako alderdiek abiatu dute Gobernua osatzeko prozesua. Lehenengo elkarrizketak Sinn Feinek hasi ditu, bera izan baita, zalantza gabe, hitzordu honetako irabazlea. Horrela aitortu diote lehiakide dituen Fianna Failek eta Fine Gaelek, Mary Lou McDonald buru duen alderdia boto kopuruan aurretik geratu delako, nabarmen. Behin betiko emaitzek gauzak estutu dituzte, herrialde horretako hauteskunde sistemak mesede egin baitie orain arte nagusi izan diren alderdiei, baina beraiek ere badakite momentuz itxarotea dagokiela.

Gobernu aurrerakoia nahi lukete Sinn Feineko ordezkariek. Hori adierazi dute azken egunetan, zenbaketek jazotakoaren tamaina islatzen zuten heinean. Bide horretan, berdeekin eta gainerako indar txikiagoekin hitz egiten hasi dira, eta litekeena da heldu diren egunetan gauza bera egitea laboristekin eta zenbait independenterekin. Ibilbide logikoa, programan idatzi eta kanpainan esandakoari erreparatzen badiogu, baina errepublikanoek badakite nekez helduko direla Parlamentuan erabateko gehiengoa izateko beharrezkoak diren 80 eserlekuak lortzera. Hori horrela izanda, hurrengo pausoa Fianna Failekin akordio bat bilatzea izan daiteke, baina gaur-gaurkoz bi taldeen arteko desberdintasunak hain dira handiak ezen sorpresa baino zerbait gehiago izango bailitzateke biek ezer hitzartzea. Ikusteko dago, dena den, honek guztiak zer ematen duen.

Sinn Feinek gehiengoa eskuratzeko biderik aurkituko ez balu, litekeena da Fianna Failek eta Fine Gaelek haren lekukoa hartu eta beren aldetik saiatzea. Beraiek ere ez dute lan erraza izango, ordea, aurrenekoz ez baitute bien artean gehiengo nahikorik. Hau pentsaezina zen duela gutxi, eta erakusten du noraino irauli dituzten irlandarrek hauteskunde-jokoaren arauak. Gobernua modu batera edo bestera osatuko da, edo ez da osatuko eta hauteskundeak errepikatuko dituzte, baina orain denek dakite jokalari berri bat dagoela zelaian, edozein partida irabazteko gai dena.

Recherche