Kalitatezko euskal irrati eskaintza anitzaren alde

Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak EAEko irrati lizentzien banaketa prozesua desblokeatu du, Lakuako Gobernuaren eteteko esfortzu ulertezinak bertan behera utziz. Modu honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Patxi Lopezen gobernuarekin egindakoa errepikatu dute orain Madrilgo epaileek Iñigo Urkulluren gobernuarekin. Diferentzia nabarmen batekin: Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurrean ezin da helegiterik aurkeztu. Lau urteko atzerapenarekin, beraz, Lakua behartuta dago lizentzien banaketari ekin eta, bide batez, epaitegien bide antzuan diru publiko gehiago ez gastatzera.

Irrati-espazioa librea da, baina mugatua, eta horrek Administrazioaren erregulazioa beharrezko bilakatzen du. 1987koa izan zen azken lehiaketa publikoa, hau da, EAEko biztanleriaren laurden bat oraindik jaio ez zen garai batean egina, gaur egungo informazio teknologiak inork imajinatzen ez zituenekoa. Irrati-espazioaren aktualizazioa, beraz, premiazkoa da, sektoreak berak aspalditik eskatzen duen bezala. Euskararentzat ere urgentea da lizentzia banaketa berria, orain arte EiTBkoak baitira euskaraz aritzen diren irrati ia bakarrak. Lakuak blokeatutako 34 lizentzia berrien artean, aldiz, askoz gehiago dira. Adibidez, Info7k integratutako Euskal Irrati Zerbitzuek (EIZ) zortzi lizentzia lortu zituzten duela lau urteko lehiaketan.

Lakuak aukera dauka ere orduko lehiako akatsak zuzendu eta teknikariek ezarritako puntuazioa errespetatzeko. Adibidez, Radio Estudiok baino puntuazio hobea lortu arren, lizentziarik gabe gelditu zen GARA Irratia. Gure komunitatearen eskubidea da bideragarria den proiektu hori gauzatu ahal izatea, modu honetan Egin Irratiaren itxiera bidegabea partzialki erreparatzeko. Berandu bada ere. Auzitegi Gorenaren behin betiko erabakiak aitzakiarik gabe uzten du Lakuako Gobernua: kalitatea, euskara eta aniztasuna bermatuko duen lizentzia banaketa berriak ezin du gehiago itxoin.

Recherche