Kolpea auzi politikoen judizializazioari
08/08/2020

Bruselako auzitegi batek atzera bota du Lluis Puig Generalitateko kontseilari ohiaren aurkako euroagindua. Kaleratutako ebazpenaren arabera, Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak ez du Puig epaitzeko eskumenik. Berehala, Belgikako Fiskaltzak helegitea jartzea deliberatu du, Madrilgo aginduak bere eginez. Beraz, ebazpen horrek oraindik badu ibilbide juridikoa Belgikan. Euroagindua atzera botatzeko, auzitegiek, besteak beste, Puig ez zela parlamentaria argudiatu zuten. Defentsako abokatuek, bestalde, azpimarratu zuten auzitegiek baloratu dutela Belgikako epaileek azter dezaketela epaile espainiarra euroagindua emateko eskuduna den edo ez. Gainera, auzitegiek Puig ez dela inoiz parlamentaria izan egiaztatu dute, eta, Espainiako Konstituzioaren arabera, Gorenak kasu horretan bakarrik du eskumena. Modu horretan, auzitan da Gorenak euroagindua eman izana.

Estatu espainolak politika judizializatu du eta, ondorioz, atzoko erabaki juridikoak irakurketa politikoa ere badu. Puig kontseilaria ez zen diputatua eta orain ere ez da eurodiputatua. Beraz, Puig da aforamendurik ez duen Govern-eko kideetako errefuxiatu bakarra. Gainera, dirua bidegabe erabiltzea da bere aurkako akusazio nagusia eta hori da, hain zuzen, Europako beste ordenamendu juridikoetan baliokidea duen erbesteratu kataluniarren aurkako akusazio bakarra. Puigdemonten kasua deliberatu zuen Alemaniako auzitegiak onartutako akusazioa hori izan zen. Orduan, Madrilek euroagindua atzera botatzea erabaki zuen. Beraz, Puigen kasua zen irabazteko errazena, eta, hala ere, Estatuak galdu egin du.

Belgikako epaia aintzat hartzeko tenorea iritsi da Madrilen. Auzi politikoak auzi judizial bilakatzen dituztenek Belgikako ebazpenetik ikasgaia ateratzea zaila izango da, hala ere. Juan Carlos I.a iheslari bilakatu den honetan, gelditzen den galdera bakarra, erretorikoa bada ere, honakoa da: erbestean dauden katalanen aurkako indar eta kemen bera jarriko du Estatuak Borboia aurkitu eta epaitu ahal izateko Estatu espainolera ekartzeko?

Articles
Koldo Aldaz, Juan Mari Feliu, Gurutze Azkona, José Luis Lizarraga y Mikel Goldarazena
26/09/2020
Iñaki Urdanibia
26/09/2020
Mar Esquembre
25/09/2020
Lettres
Brenda Cusipuma Cayo
25/09/2020
Asier Fernández Sobera
25/09/2020
Nathalie Pelage Guedon
25/09/2020
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
25/09/2020