Libre izaten jarraitu eta hobeto bizitzeko asmoz
Kuba albiste izan zen atzo berriro, eta ez, zoritxarrez, bere egoera larria gainditu duelako, ez inperialismoaren mehatxu zuzena gainetik desagertu zaiolako, baina bai Habanako Gobernuak egoera horri aurre egiteko neurri «estrategikoak» iragarri dituelako. Herri Boterearen Asanblea Nazionalak onartutako ezohiko aldaketa ekonomiko eta sozialak dira, uharteko ekonomia neurri batean liberalizatzera daramatenak. Enpresa ehunean aldaketak ekarriko ditu, besteak beste, ekoizpen egituren modernizazioa eta kudeaketa moduen dibertsifikazioa. Gaitasun energetikoa berreskuratzeko eta kanpo mendekotasuna murrizteko neurriekin batera, atzerriko inbertsio zuzena sustatuko da, Kubako sektore pribatuaren zeregina handitzeko.
«Errealitateak premiazko aldaketa ezohikoak eskatzen ditu», esan zuen herrialdeko presidente Miguel Diaz-Canelek, eta errealitatea da 65 urteko blokeo zital eta bidegabea, azken hilabeteetan nabarmen areagotua. Beraz, Washingtonen presioa arintzera ere bideratuta bide daude erreformak. Aldaketak egitera behartu duen egoerak herriaren bizitza «gogorra» bihurtu duenean datoz, nahiz eta lehenago ere mahaigaineratu izan diren. Diaz-Canelek esan zuen neurriok ez direla sozialismoa eraikitzeari uko egitea, baizik eta «hura babesteko ezinbesteko baldintza». Hain zuzen ere, herritar guztien beharrak asetzea da lehentasuna; esaterako, atzo azpimarratu zutenez, herritarren elikadura «segurtasun nazionaleko gaia» izango da.
Izango da beharrezko aldaketak direla uste duenik, bai eta, kontrakoa uste izanda, AEBren mehatxuei men egitea dela pentsatzen duenik ere. Ikusteko dago aldaketek izango duten eragina. Ez da uharteak aurre egin behar dion lehen krisi larria; bai, ordea, azken hamarkadetako larriena. Hainbat hamarkadatan erabaki asko hartu dituzte, batzuk zuzenak, beste batzuk ez, nonbait, baina betiere kubatarren duintasunari eutsita. Edonola ere, Kubako herriak, orain arte bezala, elkartasuna behar du, maila guztietan. Izan ere, elkartasun hitza zentzuz bete duen herrialderik bada, Kuba da hori, eta herrien askatasunean sinesten duenak, besteak beste, haren erabakiak errespetatuz erakuts dezake.