Madrilgo Gobernua, Elizaren erabakien notario

Bilera egin ostean iragarri zuten atzo akordioa Pedro Sanchez Gobernu espainoleko presidenteak eta Juan Jose Omella Apezpiku Konferentziaren buruak. Adostutakoaren arabera, Elizak azken hamarkadotan modu arbitrarioan immatrikulatutako 1.000 ondasun itzuliko ditu. Zenbaki hutsa ikusita, asko dirudi, baina ezin da ahaztu Gobernuak berak egindako zerrendaren arabera 34.961 izan zirela 1998tik 2015era bitartean Elizak immatrikulatu zituen ondasunak. Alegia, %3 baino gutxiago itzuliko ditu.

Ez dago soberan gogoratzea zergatik hasi ziren 1998an immatrikulazioak. Jose Maria Aznarren Gobernuak Hipoteka Legea erreformatu zuen urte hartan, Elizari ondasun asko lehen aldiz bere izenean erregistratzeko aukera emanez. Denetarik immatrikulatu zuten: herritarrek udal lurretan eraikitako ermitak, lursailak... eta baita Kordobako meskitara bera ere! Hego Euskal Herrian Elizak 1.592 ondasun immatrikulatu zituela kalkulatzen da, hiru eraikin edo partzela udalerriko. Zalantzarik gabe Elizarenak direnekin batera, beste hamaika ondasun ere immatrikulatu zituzten: plaza bat Bergaran, futbol zelai bat Eskoriatzan, olibondoak Eslaban, frontoi bat Lizoainen, Oiz mendiaren tontorra...

Immatrikulazioei neurria hartu ostean, ez da onargarria Elizak ondasunen %3 ere ez itzultzea. Are, gizartearentzat akordio ona dela defendatzeko saiakera egitea jendea ergeltzat hartzea besterik ez da. Sentipen hori, gainera, areagotu egiten da akordioaren xehetasunak ezagututa. Antza, Elizak Sanchezen Gobernuak egindako zerrenda hartu, ikertu, eta topatu du 1.000 ondasunen titularra ez dela. Horiek itzultzeko pronto agertu da, eta Sanchezek onartu duela dirudi. Baina nekez dei dakioke akordio negoziaziorik ere izan ez duen prozesuari. Gobernuak katalogoa prestatu, Elizak erabaki, eta bueltan, Gobernuak apezpikuek esandakoari amen. Hori ote da herri laiko batean Gobernuaren papera? Elizaren gehiegikerien notario izatea?

Recherche