Migraziorako Itunetik at jarri du EAJk bere burua
EAJk eta PSEk migrazioaren afera hartu dute oraingoan liskartzeko. Elkarren arteko desberdintasunak azpimarratzen bizi da bi alderdien arteko koalizioa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aski ezaguna, baina jendearentzat gero eta ulergaitzagoa den dinamika batean murgilduta. Zein proiektu amankomun izan dezake eguna elkarri mokoka ematen duen koalizio gobernu batek?
Aitor Estebanek eta Eneko Anduezak jakingo dute zein den bien arteko lehia garraztearen helburua, baina muga batzuk ezarri beharko lituzkete, denak ez baitu balio. Zaila da herri gisa mahai gainean dauden eztabaida mardulak alderdien lehietatik at mantentzea, baina, egia bada denen helburua jendartea hobetzea dela, afera hauek alderdikeriatik salbu uztea da eska daitekeen gutxienekoa. Migrazioa da herri afera horietako bat, zalantzarik gabe. Mimo eta zuhurtzia handiak eskatzen dituen gaia da, autoritarismoaren gorakadan makulu garrantzitsuenetakoa baita. EAEn eskuin muturreko alderdien arrakasta ezak ez du esan nahi arriskutik salbu dagoenik. Oinarrian beldurra daukan pultsio autoritario horren zantzuak ere ageri dira Euskal Herrian, eta eskuin muturraren eragina ez da hauteskundeen emaitzetan soilik neurtu behar, gainontzeko alderdiak bere diskurtsoetara hurbiltzea ez baita arrakasta txikia.
Testuinguru honetan, PSEk kanal pribatuak hobetsi beharko lituzke, ziurrenik, EAJri kontuak eskatzeko. Aldi berean, jeltzaleek afera honetan diskurtsoa aldatzen eta gogortzen ari direla ukatzea ez da aukera bat, eta alderdi lehiatik at hori salatzea bidezkoa da. Baita beharrezkoa ere. Imanol Pradales lehendakariaren hitzek modu leunago batean aurreratu zuten gero Joseba Diez Antxustegi burukideak disimulurik gabe esan zituenak. Sabin Etxean ongi neurtu beharko lituzkete migrazioa eta segurtasuna nahastearen arriskuak, hori baita eskuin muturraren gorakada erraztu duen markoa.
«Jaso nahi genukeena eskaini» izan zen 2019an Gasteizko Parlamentuak onartutako Migraziorako Itunaren lema. EAJk azaldu beharko du zein kalkulu egin duen bere burua kontsentsu zabal horretatik kanpo kokatzeko.