Mobilizazioari inoiz baino irmoago eusteko garaia da

Mobilizazio ikusgarriak bizi izan ziren atzo Euskal Herriko hiri eta herrietan Palestinaren alde. 100.000 lagunetik gora atera ziren manifestazioetara, nork bere lanpostuak utziz, eskaera garbi batekin: genozidioa behin betiko amaitu dadila eta arduradunek egindakoarengatik ordaindu dezatela.

Palestinaren aldeko enegarren mobilizazioa izan arren, ez zen bat gehiago izan. Tamainarengatik –gutxitan ikusten dira mobilizazio hain jendetsu, zabal eta askotarikoak– eta egungo testuinguru bereziarengatik. Donald Trumpen plana, orain arte, ez da su-eten eta preso truke bat baino askoz gehiago izan, baina Xarm el-Xeikheko goi bilerako foku argitsuek begirada lausotu dezakete. Norbaitek pentsa lezake gatazka amaitu dela. Baina bakerik ez, oraindik, ez Gazan, ezta Zisjordanian ere.

Prezio ikaragarria ordainduta, palestinarrek lortu dute haien kausa ahanzturatik ateratzea eta, bide batez, Estatu israeldarrak bere benetako aurpegi kriminala erakustea, atzeraezina zirudien zuriketa prozesu luze bat errotik astinduz. Sionismoa, proiektu kolonial, arrazista eta genozida bezala, ez da sekula hain biluzik egon nazioarteko begiradaren aurrean. Eta palestinarrek lortu dute hori, haien bizitzak eskainiz, duintasun erakustaldi zirraragarri batekin.

Gazatik urrun, munduko herrien betebehar solidarioa da palestinarren garrasia zabaltzea, gobernuak, enpresak eta erakundeak Israelen kontrako boikotaren alde estutzea eta arduradun sionisten aurkako nazioarteko prozesuak babestea. Atzoko mobilizazio arrakastatsuek erakusten dute euskal jendarteak ulertu duela momentuaren garrantzia. Bide horri tinko eusteko garaia da.

Recherche