«Naparra» kasua argitzeko beharra, bere horretan

Iragan apirilean Jose Migel Etxeberria Naparraren gorpuzkiak aurkitzeko Landetan egin zuten bigarren indusketa ere emaitzarik gabea izan zen, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantearen gorpuzkien bila jardun zuten lehenengo indusketatik zazpi urte igarota. Agintari frantsesek Auzitegi Nazional espainolari bilaketaren inguruko txostena bidaltzen diotenean, haren erabakiaren zain egongo da Naparraren familia. Zain eta desagertzearen inguruko egia jakin gabe, 1980ko ekainetik dauden egoera berean.

Landetako lehenengo indusketa egin zenean, bizirik zegoen Naparraren ama, eta handia izango zen haren egonezina emaitzarik ezaren berri eman ziotenean. Azken indusketa honen ondoren, berriz, ez du aukerarik izan ezinegon handiagorik sentitzeko ere, 2018an hil baitzen, Auzitegi Nazionalak beste toki bat arakatzea erabaki ondoren, duela sei urte. Hilabetetsu barru 44 urte izango dira Etxeberria desagertu zela, ziurgabetasun eta min urteak. Tarteka, sufrimendu horren barruan esperantza loratu izan da, eta, oraingoan bezala, zimeldu. Amore eman gabeko urteak, egin beharreko ikerketak abiatu beharko lituzketenen oztopoei aurre egitekoak, gerra zikina eta zerbitzu sekretuak tartean agertzen direnean auziak berehala ixteko joeraren aurka. Ingurukoen laguntza eta sostengua ere izan dute, eta herritar askoren elkartasuna, ukendu; baita NBEren Behartutako Desagerpenen Lantaldearen jarraipena ere, NBEk behartutako desagertze gisa onartu baitzuen Jose Miguel Etxeberriaren kasua.

Behin eta berriro errepikatzen da aspaldiko galdera: batzuen sufrimenduek beste batzuenak baino arreta, enpatia eta aringarri gutxiago merezi dituzte? Zer da, zabarkeria ulergaitza edo beste zerbait, modu ikaragarri eta onartezinean ulergarri bihurtzen duena? «Hezur batzuk dira», esan zuen atzo Eneko Etxeberriak; hezurrak baino ez, «baina asko arinduko lukete». Izan ere, anaiaren hezurrak dira, etxera eraman nahi dituztenak. Edonola ere, nola esperantza hala etsipena eragin duten azken bi ahalegin hutsen ondoren ere, Naparraren desagertzea argitzeko beharrak bere horretan jarraitzen du, eta horretarako urratsak egin daitezke, egin behar dira, hala nola 1968ko Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea.

Recherche