Nekazaritza, egarri eta kiskalita, laguntza eske

Kezkarako motiborik sobera du euskal nekazaritzak aurtengo udan. Abeltzainak negurako gordetako bazka baliatzen ari dira, eta litekeena da egoerak okerrera egitea datozen hilabeteetan. Hala aitortu zuen Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, nahiz eta bazka erosketa bateratua egiteko bideak izango direla esan zuen. Urtero egiten du bero, baina gutxitan, edo inoiz ez, aurten bestekoa. Lehorteak ere ez dira fenomeno berria; alabaina, horietan ere ukaezina da berotze globalaren eragina, eta aurten bi fenomenoak batu dira. Hori aski ez, eta kazkabar ekaitzen intentsitatea dela eta, «nekazaritza aseguruaren historian ezbehar gehien izan diren abuztua» da aurtengoa, Agroseguro partzuergoak atzo jakinarazi zuenez. Hego Euskal Herrian 3.230 hektarea labore kaltetu dira, gehienak Nafarroan. 

Joan den astean, UAGAk, EHNEk eta ENBAk Lakuako Gobernua kritikatu zuten Bazka Mahaiaren bilera atzeratzeagatik. Herenegun, Trebiñu eta Araba Landaren Alde (Ataca) elkarteak mobilizazio bat egin zuen Gasteizen; hiru sindikatu horien kritikak bere egiteaz gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lehorte eremu izendatzeko eskatu zuen, egoerak haragi, esne eta nekazaritza ekoizpenak murriztuko dituela ohartarazita. Halaber, Ukrainako edo Irango gatazkek ongarrien eta erregaien prezioetan duten eragina nabarmendu zuten, baita zenbait merkataritza itun salatu ere, hemengo nekazariek eta abeltzainek bermatzen dituzten kalitate estandarrak bete gabe hainbat produkturi «ateak irekitzeagatik».

Egoera kezkagarri horrek, gainera, jendarte osoan du eragina; beraz, lehen sektorearen garrantziaren kontzientzia argia hartu beharra dago, erakunde publikoetatik hasita, denon elikaduraz eta, azken batean, bizimoduaz ari baikara. Herenegun Bilboko konpartsek ikurrinarekin batera nekazarien lana omendu zuten, «multinazional handien irabaziak lehenesten dituen globalizazio eredu baten aldean, hurbiltasuna, kalitatea, komunitatea eta autonomia» defendatzen dutelako. Bertsotan esan zuen pregoilariak: «...lurra lantzeak/ sortu behar du zirrara/ ikurrak ez du ezer esaten/ azpian lurrik ez bada».

Recherche