Nola ebanjelioaren hala gizatasunaren arabera

Donostiako Udalak uztail bukaeran afari solidarioak debekatu izanak seguruena espero baino –edo erabaki zutenek nahi baino– oihartzun handiagoa izan du. Oihartzuna eta erantzuna, kezka, kexa eta haserre gisa. Bat-bateko debekuaren inguruko eztabaida ez da itzali, jendarteak ematen dion garrantziaren adierazle. NAIZek atzo jakinarazi zuenez, Donostiako elizbarrutiko zenbait eliztarrek gutun bat zabaldu dute, Udalaren erabakiak Eliza katolikoaren baitan ere eragin duen kezka agertzeko. Etxerik eta baliabiderik gabeko pertsonentzako laguntza horretan Eliza konprometitzeko eskatzen dute.

«Bide publikoan janaria banatzea debekatuta badago, egin dezagun Eliza gisa», proposatzen dute Donostiako eliztar horiek beren gutunean. Hala ere, beraiek azaltzen dutenez, Gotzaindegiak ohar bat bidali die Donostiako artzapez-barrutiko hainbat parroko eta eliz arduraduni aukera hori baztertu beharra dagoela iradokiz, edo ohartaraziz, elizetan horrelako ekimenik eginez gero izan litzaketen ondorio «nabarmenak» direla-eta; zigorrak, alegia. Gutunaren egileek gogorarazten dute nola duela hogei urte inguru Parte Zaharretik hiriko beste toki batera eraman behar izan zen Aterpe jantoki soziala, Parte Zaharra «garbitu» egin behar omen zelako, eta gaur egun postala zatartzen omen dutenak afari solidarioen erabiltzaileak direla diote. Beti ahularen aurka egiteko joeraren salaketa hori giza sentsibilitate pitin bat duen edozein fededunek ez ezik, beste edozein herritarrek ere izenpetuko luke.

Donostiako gotzainak zalantzan jarri izan du afari solidarioen debekua bere zenbait sermoitan, eta txalotzekoa da, baina zerbait gehiago eskatzen diote Elizak Donostian duen ordezkari nagusiari; bere predikuarekin koherentziaz jokatzeko, besterik ez bada ere. Berak esana da: «Ahulenak gure hitzen eta proiektuen benetakotasunaren froga dira. Gizartea ez da bere lorpen handien arabera bakarrik neurtzen, baizik eta atzean gera daitezkeenak zaintzeko moduaren arabera». Alkateak ere arretaz irakurri beharko lituzke eliztar horien argudioak, beharbada eliztar gisa, eta zalantzarik gabe herritar gisa, are gehiago hiriaren ardura nagusia duen herritar gisa.

Recherche