Osasun-sistema, genozidioaren jopuntua
Urriaren 7ko erasoen ondoren Israelek Gazaren aurkako erasoaldi militar berezia hasi zuenetik, 250 mediku, erizain eta anestesista baino gehiago atxilotu dituzte Gazan, eta horietatik 180 atxilotuta daude oraindik. Israelgo Giza Eskubideen aldeko Medikuak (PHRI) gobernuz kanpoko erakundeak argitaratutako txosten batek jasotzen duenez, osasun-langile horiek jipoiak jasotzen dituzte, janaririk gabe zigortuta daude, ez dute mediku-laguntzarik jasotzen eta galdeketak egiten dizkiete abokaturik aurrean izan gabe.
Txosten hori egiteko elkarrizketatutako 24 osasun-langileetatik 20 ospitaleetan lan egiten ari zirela atxilotu zituzten, nahiz eta osasun-zentroak nazioarteko arauek babestuta egon. Israelek gerraren lege horiek guztiak hautsi ditu palestinarren aurkako genozidioan, bai eskolen auzian, baita ospitaleei dagokienez ere. Atxilotu guztiei galdetu zieten tunelei, Hamasi eta israeldar bahituen presentziari buruz, eta batzuei ospitaleko mapa bat marrazteko eskatu zieten. Atxilotutako mediku gehienek ez zuten inoiz akusaziorik jaso, eta ez zen haien aurkako frogarik aurkeztu. 24tik 9ri bakarrik leporatu zieten formalki «terrorismoa», eta horietako bakar batek jaso zuen abokatu baten babesa. Askori esan zieten epemugarik gabe egongo zirela atxilotuta, «gerra amaitu arte». Hamar mediku eta erizain galdeketen ostean hebreerazko dokumentuak sinatzera behartu zituzten, edukia ulertu gabe.
Israelek Gazan eragin duen krisi humanitarioa planifikatuta dago eta buruzagi sionistek inoiz ezkutatu ez dituzten helburuak ditu. Horregatik, genozidioa modu publikoan garatu da fase guztietan. Palestinako osasun-sistema jopuntu izan da hasieratik. Ospitaleak helburu militar izan dira eta medikuak «terrorista» izendatu dituzte beren lana egiteagatik. Sendagaiak ebatsi eta azpiegiturak suntsitu dituzte. Espezialistak modu selektiboan atxilotu eta larrialdiak blokeatu dituzte. Txosten honek genozidioaren beste alde bat erakusten du, benetan larria. Su-etena indarrean dago, baina Gobernu sionistaren krimenak ez dira iraungitzen, eta lehenago edo geroago horiengatik ordaindu beharko dute.