Pertur: bost hamarkada gorpurik eta egiarik gabe

Gaur duela 50 urte desagertu zen Eduardo Moreno Bergaretxe, Pertur, ETApm erakundeko militantea. Mende erdi geroago, gorpua non dagoen ezezaguna da oraindik, hala nola bere heriotzaren nondik norakoak eta arduradunak ere. Zaila da gatazka armatuaren ondorioen konponbideaz hitz egitea, kasu hau oraindik argitzeke dagoenean. Ez da bakarra, gainera. Naparra eta Popo Larre ere gaurdaino desagertuta dauden pertsonak dira. Zauri irekiak dira oraindik.

Guztien artean, Perturren kasua da, agian, konplexuena, eta lokaztuena. Gertatu zenean, Espainiako zerbitzu sekretuen eskua salatu zen aho batez, baina gutxira bertsio alternatibo bat hasi zen zabaltzen, ETApm-ko talde desberdinen arteko talka dela eta, ez ote zuten militantzia kide batzuek hil eta desagerrarazi. Francisco Mujika Garmendia eta Miguel Angel Apalategi izan ziren bizirik ikusi zuten azken pertsonak, eta haiengana bideratu ziren begiradak. Bi bertsio horiek paraleloki egin dute bidea gaurko eguneraino, baliabide desberdinekin eta desoreka handiekin. Inoiz frogatu ez den azken bertsio horrek arrakala garrantzitsuak ditu, ordea. Adibidez, erakundeko barne gatazkaren testuinguruan fokua jartzen dutenek ahazten dute maiz Pertur jomugan zuela aspaldi eskuin mutur espainolak. Eta ezikusiarena egiten dute datu garrantzitsu baten aurrean: Perturrek hitzordu faltsu bat zuen egun hartan, Sabin Atxalandabaso erakunde bereko militanteak bezala. Nork deitu zituen bilera faltsu horietara? Galdera horren atzean ezkutatzen da, agian, egia.

Bere eskura medio guztiak izan arren, bost hamarkada hauetan Estatu espainola ez da bere mesedetan eraiki den bertsioa frogatzeko gai izan. Bitartean, giltzapean jarraitzen dute garaiko artxibo sekretuek, egia balitz, lehen bertsioa baieztatu edo indartu dezaketen frogak eta pistak gorde ditzaketenak. Mende erdia bada nahikoa denbora gertatutakoa argitzeko eta gorpua berreskuratzeko, senide eta lagunek euren prozesua egin eta merezitako atsedena har dezaten, eta euskal gatazkaren galdera ikur nabarmenetako batek behingoz erantzuna izan dezan.

Recherche