Taser pistolak tresnak dira, ez dute eurek erabakitzen

AI Amnesty Internationalek 2014 eta 2024 bitartean egindako ikerketa baten arabera, Estatu espainoleko segurtasun indarrek neurriz kanpo erabiltzen dituzte deskarga elektrikoko gailuak, hala nola taser pistolak. Ikerketak ondorioztatu duenez, erregulazio falta da polizia kidego gero eta gehiagok erabiltzen dituzten arma horien gehiegizko erabileraren kausa; beraz, polizien prestakuntza bermatzea eta gehiegikeriak saihesteko protokolo argiak beharrezkoak direla seinalatu du. Lehenago ere, AIk nahiz beste erakunde batzuek ohartarazi izan dute arma horien erabilera okerraz, Estatu espainoleko polizia indarrek fabrikatzaileen gomendioei muzin egiten dietela salatuz, eta ez da falta arma horien erabileraren eta polizien basakeria areagotzearen arteko lotura sumatu duen ikerketarik.
 
Salbuespenezkoa omen da taser pistolen erabilera, hori eta hilgarriak ez izatea nahikoa justifikazio balitz bezala. Arma «ez hilgarri» horiek, baina, hilgarriak izan daitezke, hilgarriak dira batzuetan, arriskugarriak beti. Inor gutxi harrituko duten egitateak agertzen ditu AIren txostenak; esate baterako, neurri gabe erabiltzen direla kontaktu zuzeneko deskarga elektrikoko armak, hala nola pistola geldiarazleak eta borra elektrikoak, kalean, mugetan, migratzaileak eta errefuxiatuak atxilotzeko zentroetan, osasun mentaleko erakundeetan, polizia etxeetan eta espetxeetan. Ez du inor harrituko, halaber, estatuek eta enpresek torturatzeko erabiltzen den materiala fabrikatu, haren publizitatea egin eta saltzen dutela jakiteak. Ez dirudi praktika horiek herritarren segurtasunarekin zerikusi handirik dutenik, aitzitik baizik.

Nolanahi ere, pistola mota horiek eta bestelako tresnak horixe dira, tresnak, baina tresnek ez dute erabakitzen, eta horien erabilera okerra, edo horien erabilera besterik gabe, zerbaiten sintoma baino ez da, polizia ereduarekin zerikusia duen zerbaiten sintoma. Botere politikoari deserosoa gertatzen zaio horren inguruko eztabaida, baita AIren ikerketaren ondorioa ere, jakina; hala ere, salatzen dituen egitateek deserosoak ez ezik, benetan kezkatzeko eta lehenbailehen zuzentzeko neurriak hartzeko akuilu ere izan beharko lukete.

Recherche