Une zailetan batzen diren herrien indarra

Atzo, Bartzelonan, jendetza bildu zen preso politikoak aska ditzatela eskatzeko. Herenegun, jende olde izugarri batek bete zituen Iruñeko kaleak Altsasuko gazteak babesteko, preso daudenak aska ditzaten eta pairatzen ari diren barrabaskeria juridiko mendekatiari akabera emateko. Larunbatean milaka euskal herritarrek hartuko dituzte Bilboko kaleak, euskal presoen eta justiziazkoak zaizkien eskubideen defentsan, etxera etortzeko egiten ari diren urratsak babesteko, horiei samurtasuna adierazteko. Katalunia eta Euskal Herria, bi herri; Iruñea, Bartzelona eta Bilbo, hiru manifestazio; hain ezberdinak eta orain hain berdinak.

Aurrez aurre duten Espainiak berdintzen ditu lehenik. Mozkorraldi errepresiboan, egoera berrietara moldakaitz eta arazo politikoei nola oratu ez dakiela dagoela pentsa liteke. Estatu ergela dela, motza, herri eskaeren aurrean itsu eta gorra. Zoritxarrez, baina, ez da horrela. Kalkulu hotz batek gidatzen du bere jarduna. Horrela dihardute, hala hauteskundeak irabazten dituztelako, eskubideak sakrifikatzeak botoak ematen dizkietelako. Eskubide zibilen eta nazionalen aurrean, errekonkista eta lehengoratze agenda bat inposatzeko, argudioekin baino indarrarekin lehiatuz, konbentzitu baino umiliatzeko, berari aurre egitera ausartu diren guztiek irabazleak eta galtzaileak daudela jakin dezaten, sufrimenduaren logikan, argi eta betirako.

Espainiak azpiratuta dituen bi herrien borondateak, preso politikorik gabeko etorkizun baten aldekoak, eskubideen eta demokraziaren aldekoak, berdintzen ditu gero, eta oraingoa bezalako une zailetan batzeko erakutsi duten eta erakusten duten gaitasunak, askatasunaren alde mobilizatzen nekatzen ez diren gizarte izateak; pluralak eta transbertsalak diren defentsak antolatzen direnean oso indartsuak direla sentitzen duten bi herri izateak. Inork bere historiari uko egingo ez dion etorkizun baten esperantza, behin eta berriz, sendotzen dakitenak. Asteburu honetan demostratu da, berriz, enegarrenez. Beste behin demostratuko, hurrengo asteburuan, Bilbon.

Recherche