Urrats berri bat eraldaketa sozialerako bidean
Emakumeen diskriminazioaren aurka eta feminismoaren alde; lan baldintzen, soldaten eta pentsioen defentsan, Eskubide Sozialen Kartaren eskutik; zaintza sistema publiko eta komunitario baten alde; bizitzaren kostuari egokitutako gutxieneko soldataren alde, gehiengo euskal sindikalaren bultzadaz; eta, orain, etxebizitza eskubidearen alde eta errentismoaren aurka. Hamarkada honetan soilik, euskal jendartea arrazoi horiengatik guztiengatik atera da grebara. Eskari guztiek dute zentzu soziopolitiko nabarmena.
Gatazka soziolaboralen kasuan, Espainiako Lan Ministerioko zein Eustateko datuen arabera, Estatuko greben erdiak Hego Euskal Herriko lurraldeetan egiten dira. Gainera, hamarkada luzez eskubide zibil eta politikoen alde edo errepresioaren aurka aldiro protestak egin behar izan diren testuinguru bati buruz ari gara. Orokorrean, greba tentuz erabili beharreko baliabidea dela, eraginkortasuna galtzeko arriskua duelako.
Unean uneko egoerara, eskaeretara eta lehentasunetara egokituta, deialdi horietako bakoitzean euskal jendartearen erantzuna esanguratsua izan da. Ez da beti erraza kaleko mezu hori interpretatzea: batzuetan inpotentzia erakusten du, beste batzuetan haserrea, edo baita desatxikimendua ere. Erabateko arrakasta izanda ere, atzo bezala, komeni da triunfalismoa alde batera uztea eta hurrengo urratsak zentzuz eta zintzotasunez antolatzea.
Noski, grebari euskal jendarteak eman zion erantzunak harrotasuna pizten du, baina, batez ere, eragile guztien ardura bultzatu behar du. Hemen gauzak desberdin egiteko baldintzak eta botere harremanak daudelako, urtetan lan militantea erruz egin delako. Eraldaketa sozialerako urrats bat gehiago izan zen atzokoa, etxebizitzaren auzian gainera, lehentasunezkoa eta emantzipaziorako erabakigarria den gaian.