Ziurgabetasuna eta ebidentziak

Ezohikoa izan da Maiatzaren Lehena, ezohikoak izaten ari dira EAEko hauteskundeak bertan behera geratu izana eta orain berriro deitzeko dauden gorabeherak, ezohikoak dira eguneroko bizitza eta lana… gauza asko, ia denak zalantzan jarri diren seinale. Koronabirusaren pandemiak dena hankaz gora jarri du, eta duda-mudak dira nagusi, konfinamenduaren amaiera nola izango ote den egunerokoan ikusteke, ondorengo hilabeteetan zer gertatuko ote den argitzeke… Ziurgabetasuna da jaun eta jabe. Ziurgabetasuna eta beldurra, gaitzari eta krisi ekonomikoak ekarriko dituen ondorioei beldurra. Heriotza egunero dago pertsonen eta familien inguruan, gehiegizko ordaina kobratuz.
Sisteman sekulako zuloak eta gabeziak ikusi dira, batez ere osasungintzan eta sektore zaurgarrienak diren zaintzarenetan. Nagusien egoitzetan gertatutakoa izugarria izan da. Neoliberalismoak murrizketak areagotu ditu azken hamarkadan, eta zenbait gutxi batzuen interesak guztion osasunaren gainetik jartzeko prest direla dakusagu, lehentasuna pertsonen gainean jarri beharrean porlanean jartzen delarik. Muturreko liberalismo ekonomikoa aldarrikatzen dutenak berekoiak izateaz gain, lotsagabeak ere badirela begien bistan geratu da, beren arazoak eta balizko galerak konpontzeko, horretarako bai, Estatuaren esku-hartzea eskatzeko ez baitute inongo ahalkerik izan. Eta eskari horiek ez direla erantzunik gabe geratzen presente izan beharko genuke; 2008ko krisialdian bankuei emandako dirutza gogoratzea besterik ez dago.
Alarma gorriak piztuak ziren, adibidez, klima larrialdia dela-eta, baina oraingoan bat-batean sortutako krisi berri honek are eta nabarmenago utzi du beste sistema justuago batzuk behar direla, beste modu batzuk behar direla pertsonen eta komunitateen garapenerako. Jasangarriak, bidezkoak. Are gehiago krisi honen ondorio lazgarriak betikoen bizkar gainean erortzeko arriskua badago. Maiatzaren Lehenaren mezua izan zen hori ere.

Recherche