NAIZ.INFO
DONOSTIA

Bilboko manifestazioa jasotzen ari den babesa goraipatu du Herrirak

Jon Garay eta Amaia Esnal Herrirako kideek urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioa jasotzen ari den babes mailak «gizartearen inplikazioa eta adostasun zabala» erakusten duela azaldu dute. Bestalde, elkarretaratzea egin du Herrirak Iruñean hileko azken ostiralaren baitan.

Donostian azken ostiralaren baitan egin duten elkarretaratzeako irudi bat. (ARGAZKI PRESS)
Donostian azken ostiralaren baitan egin duten elkarretaratzeako irudi bat. (ARGAZKI PRESS)

Urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioaren harira prentsaurrekoa eman dute Jon Garay eta Amaia Esnal Herrirako kideek. Bertan, mobilizazioak orain arte jaso dituen atxikimenduen balorazioa egin dute.

Bozeramaileen esanetan, manifestazioak orain arte jaso duen babes mailak «gizartearen inplikazioa eta adostasun zabala erakusten dute». Horrez gain, «herri borondate horrek» gizarteko eremu guztietan isla izan behar duela aldarrikatu dute.

Testuinguru horretan deitutako mobilizazioa dela azaldu dute. Oinarrizko eskubideen alde dagoen orok «pankartaren atzean» lekua izango duela esan dute eta hori «posible» dela aldarrikatu dute; «Baionako manifestazioak erakutsi zigun».

Denon artean «zubiak eraikitzeko» garaia dela aldarrikatu dute. Horrenbestez, oinarrizko eskubideen alde dagoen pertsona oro ‘Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira’ lelopean egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dute.

Elkarretaratzea Iruñean

Hileko azken ostiralaren baitan elkarretaratzea egin dute Iruñean Herrira mugimenduak deituta. Bertan, Fran Balda mugimenduko eledunak hartu du hitza. Sakabanaketa izan du hizpide eta asteburu honetan espetxe politikaren «zamari» aurre egitera irtengo diren senide eta lagunak izan ditu gogoan.

Sakabanaketak dagoeneko 16 bizi eraman dituela gogoratu du, baita ehunka zauritu utzi dituela ere. Aurten, 40 euskal herritarrek istripuren bat izan dutela esan du.

Egoera hau gainditzeko, «akordio zabal» baten beharra azaleratu du, «pertsona guztien defentsa bermatzeko».

Hori dela eta, datorren urtarrilaren 12an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko gonbitea egin du eta, era berea, datorren abenduaren 14an Iruñeko kaleak betetzeko deia egin du, ‘Sakabanaketak hil egiten du. Euskal presoak Euskal Herrira’ lelopean deitu den manifestazioan parte hartuz.