NAIZ.INFO

Josetxo Ibazetarentzat bi urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak

Fiskalak bi urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatu du Josetxo Ibazeta Donostiako Alkatetzako idazkari ohiarentzat Espainiako futbol selekzioren hainbat zalerekin izan zuen ika-mika dela-eta. «Mehatxu terroristak» leporatzen dizkio.

Josetxo Ibazeta Donostiako Alkatetzako idazkari ohia epaitu dute gaur Auzitegi Nazional espainolean, iazko uztailaren 1ean Eurokopako garaipena ospatzen ari ziren Espainiako futbol selekzioren hainbat zalerekin izan zuen ika-mika dela-eta.

Ibazetak ukatu egin du Espainiaren zaleak mehatxatu zituenik eta gauerdian gertatu zen liskarra izan zela adierazi du. Harridura agertu du eztabaida izan zuen hiru lagunek ika-mikaren ondoren salaketa jarri beharrean akeleko telefonoarekin grabatu zuten bideoa bi komunikabideri igorri izanagatik. Horregatik, arrazoia politikoa izan zela eta zaleen asmoa Bilduri edo Donostiako gobernu taldeari kalte egitea zela uste du.

Alkatetzako idazkari ohiarekin liskarra izan zuten hiru lagunek lekuko babestu bezala deklaratu dute eta Ibazetaren defentsak babesa altxatzeko eskatu badu ere, epaileak ez du onartu.

Fiskalak Ibazetarentzako espetxe eskaera handitu egin du eta behin behineko ondorioetan bi urte eta zazpi hilabeteko zigorra eskatzetik bi urte eta hamar hilabeteko kartzela zigorra eskatzera pasa da. «Mehatxu terroristak» leporatzen dizkio. Ibazetak ustez mehatxatu zituen lagunak bat etorri dira fiskalaren bertsioarekin.

EH Bildu: «Gehiegikeria juridikoa»

Donostiako EH Bilduk Ibazetaren aurka burutzen ari den «gehiegikeria juridikoa» salatu du eta horrelako gertaera batzuengatik ia hiru urteko kartzela zigorrari aurre egin behar izatea «sinesgaitza» dela esan du.

«Gertakarien larritasunarekiko proportzionaltasun eza nabarmena da, eta hori ere, ageriko motibazio politikoak eragina dela uste dugu. Ezin onar dezakegu euskal herritar bat halako gertakariengatik kartzela zigorrari aurre egin behar izatea», salatu du ohar batean.

Sorturen iritziz, Ibazetaren aurkako epaiketa «Sortuk eta ezker abertzaleak pairatzen duten espainiar Gobernuaren jazarpen politiko, polizial eta judizialaren adibide berri bat» besterik ez da.