NAIZ.INFO
BAIONA

Ehun alkatek baino gehiagok eman diote babesa Lurralde Elkargoari

Ehun alkatek baino gehiagok sostengua adierazi diote larunbat honetan Baionan egingo den Lurralde Elkargoaren aldeko manifestazioari. Ipar Euskal Herriko alkateen %65 dira.

Larunbat honetan Baionan egingo den manifestazioa gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari da. Auzapezen Biltzarrak jakinarazi duenez, 103 alkatek eman diote sostengua Lurralde Elkargoaren aldeko martxari. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko alkateen 158 alkateetatik %65 egitura horren alde dagoela esan nahi du horrek.

Horien artean 40 Nafarroa Beherekoak dira, 32 Lapurdikoak eta 31 Zuberoakoak. Hiru herrialdeetan alkateen gehiengo agertu da Lurralde Kolektibitatearen alde.

Amikuze da sostengu gutxien bildu duen eskualdea, eta Hego Lapurdi Hiri Elkargoan, aldiz, denek baiezko sinadura eman dute, Odile de Coral UMPko Urruñako auzapezak barne. Baionako inguruetako herrietan denak erakunde berriaren alde agertu dira, Arrangoitze, Basusarri, Biarritz eta Angelu izan ezik.

Euskal Herriko Laborantza Ganberak ere bat egin du biharko deialdiarekin.

Sinatu duten auzapezen zerrenda, Kazeta.info-n.

Valls: «Ez dago Gobernuaren agendan»

Manuel Valls Barne ministro frantsesak atzo bertan berriro esan zuenez, «ez euskal Departamendua, ezta Lurralde Kolektibitatea ere ez daude Gobernuaren agendan».