@GARA_rpascual
BILBO

Euskal Herrian dauden desorekak gainditzen laguntzeko tresna aurkeztu du Udalbiltzak

Euskal Herriko eskualdeen artean dauden desorekak gainditzen laguntzeko Garapen eta Kohesio Fondoa ofizialki aurkeztu du Bilbon Udalbiltzak. Esparru gehiagotan proiektuak gauzatzeko bitarteko izan nahi duen egitasmoak «nazio eraikuntzarako erreminta eta ekimen zehatzak» sortuko ditu.

Bilboko Burtsan egindako ekitaldian aurkeztu dute Kohesio Fondoa. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
Bilboko Burtsan egindako ekitaldian aurkeztu dute Kohesio Fondoa. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

Aurkeztu zenetik hiru hilabete baino igaro ez direnean, aurreneko egitasmoa jendaurrean aurkeztu du Udalbiltzak: Garapen eta Kohesio Fondoa.

Euskal Herriko nazio instituzio bakarra izaki, lurralde garapena eta kohesio sozioekonomikoa sustatzea du lehentasunetako bat.

Horretarako bitarteko izan nahi du Bilboko Burtsan aurkeztu duten egitasmoak, Euskal Herrian dauden desorekak gainditzen laguntzeko tresna eta egitura «erangikorra».

Udalbiltzako ordezkariek azaldu dutenez, Garapen eta Kohesio Fondoaren helburua «nazio mailan sinergiak sortu edo dauden sinergiak gabezia handieneko lurraldeetara eta esparruetara bideratzea da».

Krisi ekonomikoaz gain, Euskal Herriak nazio gisa aurrera egiteko bestelako traba «oso garrantzitsuak dituela» azaldu dute (indarrean dagoen ordenamendu juridikoa, azpiegitura asko eta indartsuak daudela, baina ez herri bat egituratzeko pentsatuak...), eta arazo horiei erantzuna eman nahi die Fondoak.

Bide horretan, bi eremu nagusi jorratuko ditu proiektuak: tokian tokikoak eta mugaz gaindikoak, lurraldu eta esparru batzuk biziberritzeko eta nazioa orekatzen joateko.

Udalbiltzak abian jarritako proiektua izan arren, Garapen eta Kohesio Fondoa erakunde autonomoa izango da, eta Euskal Herri osoko eragileekin elkarlanean arituko da.

Zuzendaritza Udalbiltzako kideek zuzenduko dute, baina elkarlan hori gauzatzeko bidean, eragile ugarik aditu sare bat osatuko dute.

Udalbiltzaren aldetik Mertxe Aizpurua lehendakariaz eta Maite Iturre eta Daniel Olzomendi lehendakari ordeez gain, Roke Akizu, Josu Ruiz eta David Lopategik parte hartuko dute Garapen eta Kohesio Fondoaren zuzendaritzan.

Aditu sareari dagokionez, jatorri eta arlo desberdinetako partaideak egongo dira, tartean LABen Ipar Hegoa Fundazioa, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea, Bai Euskal Herriari ekimena edota Fiare banka etikoa.

Sare hori hedatzeko harremanetan daude, besteren artean, momentuz behatzaile gisa arituko den ELAren Manu Robles-Arangiz Fundazioarekin.

Guztiak batera, lurralde garapena eta kohesio sozionekonomikoari buruzko ideiak, proposamenak eta proiektuak aztertuko dituzte, lehentasunak definitu, egitasmo berriak proposatu eta kudeatuko dituzte.

Izaera progresiboa

Udalbiltzaren aurreneko proiektu honek izaera progresiboa izango du. Alegia, orain ‘Lurralde garapen eta kohesio sozioekonomikoa bultzatu’ ildoari eutsiko diote, ondoren beste ildoei heltzeko: herrien arteko saretzea, nazio egituratze instituzional eta soziala bultzatzea, naziotasunaren ukazioari aurre egitea eta nazioarte mailan Euskal Herria badela adierazteari.

Ildo horiek egitasmo zehatzetan isla izan dezaten, bi programa jarriko dituzte abian. Alde batetik, ‘Euskal Herria sendotzen’ egitasmoak ekimen ugari aurreikusi ditu, egituratze nazionala ipar dutela. Bestetik, Udalbiltzara atxikita dauden udalak koordinatzeko sarea sortuko dute.

Udalbitzari bere garaian Zuberoa garatzen ekimenerako bildu zuen dirua, epaitegi espainolek izoztu zutena, berreskuratu dute eta 315.000 euroekin abiatuko dute fondoa, eta hura urtero hornitzeko helburua dute, eta gainerako eragileekin burututako elkarlanari esker kofinantzazioa ere bilatuko dute.