NAIZ.INFO
DONOSTIA

Iñigo Alberdik Euskadiko Orkestraren zuzendaritza utzi du

Euskadiko Orkestrak jakinarazi duenez, Iñigo Alberdi zuzendari nagusiak kargua uztea erabaki du, zortzi urteren ostean. Denboraldi bukaera arte jarraituko du.

Iñigo Alberdi, artxiboko irudian. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Iñigo Alberdi, artxiboko irudian. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Euskadiko Orkestraren (EO) Administrazio Kontseiluak ohar batean jakinarazi duenez, Iñigo Alberdik zuzendari izateari utziko dio, bere erabakiz, zortzi urteko ibilbidearen ostean.

Oharrak dioenez, zortzi urte hauetan «kudeaketan zein egitasmo berriak martxan jartzen biziki lan egin ondoren, betetzat ematen du Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritzan emandako aroa».

Alberdiren kontratuaren mugaeguna martxoaren 3an bete zen baina Lakuako Kultura Sailak eta zuzendariak honen kontratua denboraldiaren bukaera arte luzatzea adostu dute, «errelebua modu planifikatuan egin dadin».

Iñigo Alberdi 2006ko otsailean izendatu zuten Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi, German Ormazabalen ordez.