NAIZ.INFO
PAU

Bonnemaisonentzat bost urteko espetxe zigorra galdegin du prokuradoreak

Baionako ospitaleko mediku zen Nicolas Bonnemaisonen aurkako epaiketak azken orduak bizi dituenean, prokuradoreak bost urteko zigorra eskatu du, baina baldintzapean aske egongo litzateke eta, printzipioz, ez luke espetxera joan beharko. Zazpi pertsonari eutanasia aktiboa aplikatzeagatik epaitzen ari dira Bonnemaison.

Bonnemaison medikuari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Baionako ospitalearen atarian. (Sylvain SENCRISTO)
Bonnemaison medikuari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute Baionako ospitalearen atarian. (Sylvain SENCRISTO)

Nicolas Bonnemaisonen aurkako epaiketak hamargarren eguna du gaur eta baliteke azkena izatea. Hala, epaitegiak bihar emango luke bere ebazpena. 

Lekukoen deklarazioak bukatuta, aldeen txanda iritsi da.

Parte zibil gisa aurkeztu den familiak ez du Bonnemaisonen aurkako zigorrik eskatu. Prokuradoreak, bere aldetik, bost urteko espetxe zigorra galdegin du, baina ez luke presondegira joan beharko, baldintzapean aske egongo litzatekeelako.

«Bonnemaison ez da hiltzailea, ez eta pozointzailea, baina protokoloa ez du errespetatu eta akusazioak mantentzen dira», esan du prokuradoreak.

Defentsako abokatuen arabera, prokuradorearen diskurtsoa ez da koherentea, argudiatuz ezin duela aldi berean esan Bonnemaison mediku ona zela, zazpi pertsona pozoindu zituela eta bost urtera zigortu. Arnaud Dupin abokatuak aldarrikatu du ez dagoela medikua zigortzeko oinarri juridikorik.

Litekeena da Bonnemaisonek azken hitza hartzea eta ondoren epaimahaia deliberatzera joango da. Ebazpena arratsaldean ematea espero da.

Bonnemaison auziak eutanasiaren inguruko eztabaida berpiztu du, eta epaiketan aldeko zein kontrako iritziak entzun ahal izan dira.

Beste alde batetik, mediku hazpandarrari babesa adierazteko, 250 lagun baino gehiago elkartu dira Baionako ospitalearen atarian.