naiz
bilbo

300 ekitalditik gora antolatu dituzte Bilboko Aste Nagusirako

Datorren abuztuaren 16tik 24ra ospatuko den Bilboko Aste Nagusirako 300 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu Udalak. Doakoak izango dira eta gehienak kanpoaldean egingo dira.

Marijaia, iazko txupinazoan. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Marijaia, iazko txupinazoan. (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Bilboko Aste Nagusiko jai-egitarauak hainbat ekitaldi jasoko ditu abuztuaren 16tik 24ra. Guztiak doakoak izango direla iragarri du Bilboko Udalak eta gehienak kanpoaldean egingo direla gaineratu du.

100 musika-ekitaldi baino gehiago eskainiko dira adin guztietako ikusleentzat, gaur egungo taldeetatik hasi eta ohiko bilbainadak jasotzen dituen musika-egitarau zabalarekin.

Su artifizialak ere izango dira, heldu eta umeentzako kale-antzerkia, ohiko gastronomi-lehiaketak, pilota, arraunketa, herri-kirolak… Udalak adierazi du «aniztasuna, kalitatea, parte hartzea, nortasuna, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko presentzian oreka mantentzea eta euskara» izango direla jaien oinarri nagusi.

Abandoibarran, Europa Parkean, Plaza Berrian, Bilborocken eta Areatzan ezarriko dira, besteak beste, musika agertoki nagusienak. Emanaldi entzutetsuenen artean, Bilbon izango dira Aste Nagusian Doctor Deseo, Los Planetas, Carlos Jean, Malu, Eñaut Elorrieta, Travelin´Brothers, Antonio Orozco eta Sara Baras.

Aurtengoan, 2,5 milioi eurotan igo du aurrekontua Bilboko Udalak.