NAIZ
Bilbo

Etorri da Marijaia eta hasi da jaia Bilboko Aste Nagusian

19.00ak puntuan, Arriaga plaza lepo beterik, ikur eta kolore andana eta pregoiaren ostean txupina eta jaia Bilbora. Asier Garcia pregoilariak ezintasunen bat duten herritar sektorea hartu du bereziki gogoan pregoiean. Askok «mundu osoko bederatzi eguneko aste bakarra» dela diotena abian da.

Marijaia txupina entzutearekin batera irten da besoak goran Arriagako balkoira. (ARGAZKI PRESS)
Marijaia txupina entzutearekin batera irten da besoak goran Arriagako balkoira. (ARGAZKI PRESS)

Ordubete lehenago Arriaga Plaza jendez betetzen hasia zen, barruan harrera Marijaiari Udal ordezkariek, Konpartsetakoek eta hiriko elkarte eta eragile nagusiek. Poza eta giro ona nagusitu da atearen bi aldeetara.

19.00etarako minutu bakarraren faltan ireki da Arriagako balkoiko atea, eta bertatik Asier Garcia eta Loreto Errasti irten dira, pregoilaria eta txupinera. Garciari nabari zitzaion zeraman ilusioa, ia ahotsa urratzeraino eman baitizkie plazan zirenei arratsaldeonak. Kolore guztietako zapi eta ikurrek jantzita plaza. Nazioarteko hainbat bandera eta horien artean Palestinakoak bat baino gehiago, Gazarekiko elkartasunez. Presoen eskubideen aldeko mezuak ere agerian ziren; plazaren erdi aldean handi antzekoak eta aurre aldean bilbotar presoak gogoan zituzten panel txikiak. Konpartsek eta Udal ordezkariek txupin garbi baten aldeko eskaria egin duten arren izan da irinarekin bertaratu denik, baina beste urte batzuen aldean nabarmen txikitu da hauts zuri horren presentzia. Baztarren batean ageri zen baina ez oro har.

Ahotsa urratuta Asier Garciak Bilboko jaien izaera gogoratu du hasterako, «herritik herriarentzat egindako jai herrikoiak» direla gogoratu du, «errespetuan eta zoriontasunean» oinarritzen dena «ezberdintasunik gabe». Garcia BSR gurpildun aulkietako saskibaloi taldeko kapitaina da eta ezintasunen bat duten herritarrek bizi dituzten oztopokoak nabarmendu ditu aurtengo pregoiean. Azken urteetan asko aldatu dela egoera nabarmendu du, onera, eta «Gora Bilbao ‘inklusiboa’!» oihukatu du. Orain, denak kontuan hartzeko jarrera hori jendarteratzeko beharra dagoela nabarmendu du.

«Bertan ezin direnak gogoan» hartuz «inolako erasorik gabeko» jaiak desiatuz eta «edan, jan eta asko gasta!» esanez ekin dio hitz hartzearen azken kolpeari. Aste Nagusiari, Bidaideari (bere saskibaloi taldea), Bilbori, Euskal Herriari eta Marijaiari ‘Gora!’ bana esanez amaitu du.

Hitzen jarraian, Loreto Errastik txupinari su eman, honek zerua hartu eta Arriagako balkoitik irten dira Marijaiaren bi beso altxatuak, dantzan bera eta dantzan lepo beteriko Arriagako plaza.

«Bederatzi egun dituen munduko aste bakarra» omen da Bilbokoa, ba hasi dira bederatzi egun horiek eta herritarrak protagonista dituen Bizkaiko hiriburuko jai handiak.