naiz
Donibane Garazi

Ziburuko ikastolari ura, argindarra eta hesiak kenduko dizkiola ohartarazi du auzapezak

Guy Poulou Ziburuko auzapezak asteartean Kaskarotenea ikastolari ura, argindarra eta ikastolaren inguruko hesiak kentzeko asmoa agertu du gutun bidez, Seaskak jakitera eman duenez.

Seaskako kideen prentsaurrekoa Donibane Garazin. (Sylvain SENCRISTO)
Seaskako kideen prentsaurrekoa Donibane Garazin. (Sylvain SENCRISTO)

Datorren asteartean bukatuko da Paueko Administrazio Epaitegiak Kaskarotenea ikastolak egun okupatzen duen gunea uzteko eman zuen zazpi egunetako epea. Seaskak gaur jakinarazi duenez, egun horretatik aurrera ura, argindarra eta ikastolaren inguruko hesiak kentzeko asmoa helarazi die Ziburuko auzapez Guy Poulouk gutun baten bitartez.

Paxkal Indo federazioko presidenteak bere haserrea agertu du eta haurrak arriskuan jarriko dituela salatu du.

Ziburuko ikastolak bizi duen egoera larriari aurre egin ahal izateko diru bilketa abiatu du Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak eta Kaskarotenea laguntzeko deia egin du. Seaskak auzapezaren asmoek ez dutela kikilduko nabarmendu du. Gainera, ez du baztertzen auzitara jotzea eta bere abokatuari gaia aztertzeko eskatu dio, ikusteko Pouluk ez ote duen delitua egiten «eskola batean haurrak nahitara urik gabe utziz eta istripu bat izateko lanjeran ezarririk».

Argindarra sortzeko makina bat alokatzeko asmoa agertu du Seaskak, eta ur botilak ere erosiko ditu, «beharrezkoa bada». Gastu guztiei aurre egiteko (100 euroko isuna, 70 euro argindar makinaren alokairuagatik eta 30 euro erregai) eguneko 200 euro baino gehiago beharko dituela kalkulatzen du. Horregatik, dei egin die sostengu kanpaina babesteu duten 14.000 lagunei eta «Euskal Herri osoari Ziburun ikastola bizirik atxikitzeko kanpainan lagun gaitzaten», diru ekarpenak eginez.

Ikastolen gorakada

Kaskaroteneako egoeraz gain, urteko datuak ere ezagutzera eman ditu Seaskak gaurko agerraldian. Ikastolek etengabeko gorakadan jarraitzen dutela nabarmendu dute. Federazioak 3.220 ikasle ditu, joan den ikasturtean baino 137 gehiago. Hazkundea lehen mailan, kolegioetan eta lizeoan eman dela azpimarratu dute.

Agerraldia Donibane Garazin egin du Seaskak, bertako egoeraz ohartarazteko. Izan ere, Garaziko ikastola txikiegia gelditzen ari da; 2008an 80 ikasle zituen eta egun 142 dira. Ustez 20 urterako egina zen eraikina orain txikiegia da.