NAIZ
Barañain

Sexu eraso larria izan da Barañaingo jaietan

Barañaingo jai batzordeak jakinarazi duenez, herriko jaien lehen egunean sexu eraso larria izan da. Larunbat honetan, jazotakoa salatzeko manifestazioa egingo dute.

Batzarra egin dute arratsaldean Barañainen. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Batzarra egin dute arratsaldean Barañainen. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Jaiak abiatu berritan sexu eraso larria izan dela salatu du Barañaingo Jai Batzordeak.

Jai eremuan aritzen diren beste eragile batzuk ere salatu dute erasoa, horien artean Gora Iruñea plataformak.

Astelehen Lilak kolektiboak ere salatu du erasoa eta arratsaldeko batzarrean izango direla iragarri du ohar bidez. Ohar berean, Nagore Laffageren heriotza salatzeko kontzentrazioa deitu du iganderako Gaztelu Plazan. Laffagek «oroimenerako, justiziarako eta kaltea konpontzeko eskubidea» dituela gogoratu dute.

Eraso sexistarik gabeko jaien alde egin du kolektiboak, festak berez ez direla arriskutsuagoak adierazi dute, arriskua emakumeak ezetz ezin duela esan uste dutenen pentsamoldeak dakarrela.

Asanblada eta manifestazioa

Ostiral arratsalde honetan bilkura jendetsua egin dute, erasoari zein erantzun eman aztertzeko.

Bertan, larunbat honetarako manifestazioa deitzea erabaki dute. Udaletxe plazatik abiatuko da mobilizazioa, «No a las agresiones sexistas. Erasotzaileak kanpora!» lelopean.

Horrez gain, protestak irauten duen bitartean Barañainen inolako musikarik ez egotea eskatu dute.

Bestalde, halako erasoak salatzeko telefonoaren garrantzia ere azpimarratu dute: 699 687 687.