NAIZ
BILBO

Konstituzio espainiarraren aurkako manifestazioa egingo du EH Bilduk abenduaren 6an Bilbon

Abenduaren 6an, Konstituzio espainiarraren egunean, EH Bilduk manifestazioa egingo du Bilbon. «Inposatu egin digute eta, horretaz gain, Konstituzio tranpati, ziniko eta hipokrita» dela arbuiatu dute.

Abenduaren 6ko manifestazioaren aurkezpena.
Abenduaren 6ko manifestazioaren aurkezpena.

Arriaga plazan eginiko agerraldian, Sabino Cuadrak eta Maria Sierrak, abenduaren 6an, Konstituzio espainiarraren egunean, Bilbon egingo den manifestazioa aurkeztu dute. Mobilizazioa eguerdian abiatuko da Plaza Eliptikotik eta Arriaga parean bukatuko da.

Cuadraren esanetan, «honek ez du gehiagorako ematen, ez Euskal Herrian ezta Katalunian ere». Hori dela eta, eremu guztietako eragilei dei egin diete, «Madrilera begiratzeari utzi eta gure herrira begiratu dezaten». «Arima eta gihar indartsuak ditugu askatasunean, demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako etorkizuna eraikitzeko», gaineratu du.

Txikian jokatzeari uzteko garaia dela azpimarratuta, «erabakitzeko eskubidea exijitu eta praktikan jartzeko garaia» dela nabarmendu dute.

Adierazi dutenez, abenduaren 6an kalera aterako dira «ez soilik herrien espetxea den Konstituzio horri ezetz esatera, askatasuna eta burujabetza aldarrikatzera baizik». «Gaurtik aurrera, gure bideari ekin, independentziara eta Euskal Errepublikara eramango gaituen bide horri ekin behar diogu», aldarrikatu du Cuadrak.