NAIZ
BAIONA

Calaisen zeuden zazpi errefuxiatu Baigorrira heldu dira

Afrika eta Ekialde Hurbileko gerretatik ihes egin zuten zazpi errefuxiatu iritsi dira gaur goizaldean Baigorrira eta bertan hiru hilabete inguru egongo dira.

Baigorrira iritsitako errefuxiatuak. (Bob EDME)
Baigorrira iritsitako errefuxiatuak. (Bob EDME)

Calaisen zeuden zazpi errefuxiatu Baigorrira iritsi dira goizaldeko ordu bietan Baigorrira, hiru hilabetez bertan egoteko, Kazeta.eus atariak berri eman duenez. Bernadette Mousques herriko alkateordeak azaldu duenez, Afrika eta Ekialde Hurbileko gerretatik ihes egin zuten errefuxiatuak dira.

Errefuxiatuetako sei Sudan, Tajikistan, Afganistan eta Eritreakoak dira, eta azkenaren jatorria ezezaguna dela zehaztu du Mousquesek. Errefuxiatuak direnez, hiru hilabeteren buruan asilio estatutua emateko prozedurak martxan jarri beharko liratekeela gehitu du.

Baigorrin harrera egiteko Herriko Etxeak, Prefekturak eta elkarteek elkarlanean hainbat neurri hartu dituzte. Herriko Etxeak oporretako egoitzak errefuxiatuen esku utziko ditu; elikaduraren aldetik, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak egunean bazkari bero bat ordainduko die, gainerakoa elikagai bankuak eskainiko duelarik.

Errefuxiatuei harrera egiteko ere lanaldi osoko bost lanpostu sortu dira, hala nola Atherbeako hezitzaile sozialak eta bi zaindari hiru hilabeterako kontratatu dituzte eta lanpostuen gastuak departamenduak hartuko ditu bere gain.

Bernadette Mousquesek azaldu duenez, errefuxiatuak Euskal Herrira etortzea beren hautu boluntarioa izan da. Calaisen dauden etorkin gehienek Britainia Handia dute helburu, baina Parisko erasoen ondotik Gobernu frantsesak mugak ixtea erabaki duenez, beste alternatiba bat bilatu behar izan dute. Hala, duela egun batzuk, Pirinio Atlantikoetako Prefekturak Baigorriko Herriko Etxeari deia egin zion Euskal Herrira etortzea onartu zuten errefuxiatuei harrera egin ziezaien.