NAIZ

Bederatzi errefuxiatu siriar iritsiko dira gaur Gasteiz eta Donostiara

Greziatik datozen bederatzi siriar gaur bertan iritsiko dira Gasteiz eta Donostiara. Gipuzkoar hiriburura hiru gizon, bi emakume eta hilabeteko haur bat, eta Arabara, aldiz, emakume bat eta bere bi semeak.

Bederatzi errefuxiatu siriar Donostia eta Gasteizera iritsiko dira gaur. Haietako sei, Donostiako Udalak utzitako bi pisutan aterpetuko dira. Hiru gizon, bi emakume eta hilabete eskaseko haur bat. Arabar hiriburuan, aldiz, CEARek utzitako pisu batean biziko dira emakume bat eta honen bi semeak.

CEAR-Euskadiko zuzendaria den Patricia Barcenak azaldu duenez, Gasteizen beste familia batzuekin aterpetuko dituzte eta hurrengo egunetan hasiko dira hauek erroldatzeko eta osasun txartela lortzeko lanetan.

Madrilen lur hartu dute eguerdian, eta espero da arratsalde edo gauean Euskal Herrira iristea. Aurreko ostiralean bertan beste bederatzi errefuxiatu ailegatu ziren Donostiara. Kasu honetan, Eritreakoak.