NAIZ
DONOSTIA

Hizkuntza eskubideak bermatzeko 180 neurri jasotzen ditu Donostiako Protokoloak

Donostiako Protokoloaren dokumentua itxi egin du Talde Antolatzaileak eta, zehaztu dutenez, hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharreko 180 neurri jasotzen ditu. Abenduaren 17an Kursaaleko aurkezpen ekitaldira joateko deia egon diete hizkuntza gutxituen alde diharduten Europa osoko talde eta norbanakoei.

Hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharreko 180 neurri jasotzen ditu Donostiako Protokoloak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharreko 180 neurri jasotzen ditu Donostiako Protokoloak. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren sustatzaileak agerraldian izan dira, eta haien izenean, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak eta Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak hitz egin dute, talde antolatzaileko ordezkariarekin batera, ibilbidearen balantzea eginez.

Payak adierazi du Protokoloak Kultur Hiriburuaren proiektuen lan egiteko moduari erantzun diola. «Gizarte osoa inplikatu da Protokoloa eratzeko prozesuan, herritarrak, gizarte eragileak, akademia eta erakunde publikoak», azaldu du.

Halaber, gizarte eragileek ekimena bultzatu dutela azpimarratu du, eta bai eurek, bai herritarrek, «berebiziko ekarpenak» egin dituztela 180 neurri jasotzen dituen dokumentua osatzeko. «Akademia eta zenbait arlo profesionaletako kideekin osatutako adituen batzordeak Protokoloaren pertinentzia, zehaztasuna eta bideragarritasuna bermatu ditu, eta administrazio publikoen finantziaziorik gabe ezinezkoa izango zatekeen halako lanik burutzea urte honen bukaerarako», gaineratu du.

Gainera, azpimarratu du Protokoloa laguntzen ari dela eleaniztasunaren auzia nazioarteko ikuspegitik ulertzen. Bere hitzetan, Europako Kultur Hiriburu bezala, «euskararen aldeko lana Europako testuinguru eleaniztunean kokatzen lagunduko du Protokoloak».

Payak aipatu du Donostiako Protokoloa osatzeko bide horretan eragileen arteko harremanak eraiki eta sendotu direla. Horrela, Protokoloa sortzeko prozesuak hizkuntza eskubideen defentsan nola edo hala diharduten hainbat hizkuntza komunitateren arteko sarea «trinkotzeko» balio izan duela nabarmendu du.

Ibilbide «oso oparoa»

Bestalde, Paul Bilbaok adierazi du ia bi urteko ibilbidea «oso oparoa» izan dela eta talde antolatzaileko erakundeek egindako lana eta proiektuari emandako babesa eskertu ditu. Bere hitzetan, «haiek izan dira gizarte eragileengan sinetsi dutenak eta haien ahalduntzea ahalbidetu dutenak». Goraipamen hitzak izan ditu Protokoloan lanean aritu den batzorde zientifikoaren mailagatik ere.

Orain, Protokoloa bukatuta dagoela, Europako gizarte eragile guztiei itzuliko zaiela adierazi du, dokumentura atxiki daitezen eta horrekin benetako balioa har dezan. Izan ere, ziurtatu duenez, «Protokoloak hizkuntza eskubideen alorrean diharduten eragileei zoru komun bat eskaintzen die guztiek norabide berdinean aurrera egin dezaten»

Halaber, talde antolatzailearen izenean Tommaso Nodarik azaldu duenez, «talde antolatzailearen betekizuna prozesu parte hartzaile bat martxan jartzea izan zen, hizkuntza gutxituen berreskurapenaren alde lan egiten duten Europa osoko gizarte eragileen ekarpenak kontuan izanik».

«Dokumentu bat osatu behar genuen desabantaila egoeran dauden hizkuntzei berdintasun egoerara heltzeko neurri zehatzak proposatuz, bakea eta elkarbizitzarako ekarpena egingo zuena, hizkuntza komunitateak eta gizarte eragileak protagonista izango zituena», azaldu du.

Honekin batera, abenduaren 17an Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren aurkezpen ekitaldian izango direla iragarri du, eta bertan parte hartzeko deia luzatu die Europa osoan hizkuntza gutxituen alde dauden norbanakoei eta norabide honetan lanean dabiltzan talde eta erakundeen ordezkariei.