NAIZ

Gose greba hasi du Iñaki Bilbao Lezamako presoak

Iñaki Bilbao presoak gose greba hasi zuen asteburuan, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinaraz zuenez. ATAk Bilbaok Puerto III-ko kartzelan pairatzen dituen baldintza gogorrak aipatu arren, gose greba independentziaren eta sozialismoaren alde hasi duela jakinarazi du.

Mugagabe iragarri duten gose grebarekin batera, Iñaki Bilbaok itxialdia hasi du eta patioko orduei ere uko egin die. ATAk aurreko astean jakinarazi zuen Bilbaori lehen graduaren lehen fasea aplikatu diotela, eta horrek oso bizi baldintza gogorrak ekarri dizkiola, isolamendua areagotuta.

Halere, ATAk ondokoa zehaztu du bere oharrean: «Bilbaok bere hurkoei esandakoaren arabera, gose greba eta txapeoa (itxialdia) ez ditu hasi neurri hauengatik, baizik eta independentzia eta sozialismoaren alde. Oraindik helburu horiek lortu ez ditugularik, alternatiba posible bakarra borroka egiten jarraitzea dela adierazi nahi du protesta gogor honekin».

Lezamarrak bere burua Euskal Preso Politikoen Kolektibotik kanpo kokatu du, ATAk berak beste ohar batean aipatu berri duenez: «Gogora ekarri behar dugu Iñaki Bilbao bere borrokaldia EPPK-tik kanpo egiten jarraitzeko hautua egin duen euskal preso politikoetako bat dela, eta balitekeela Espainiako Estatua preso hauekin soka noraino tenkatu dezakeen probatzen aritzea, bakarrik gelditu diren ikusi asmoz». Horregatik presoa babesteko eta bere aldeko dinamiketan parte hartzeko deia egin zuen.

2002tik preso da Bilbao, eta aurretik kasik hemeretzi urteko beste kondena bat ere betea du.