NAIZ
DONOSTIA

Realak eta Eibarrek «lehen mailako derbia» jokatuko dute Kilometroen alde

Realak eta Eibarrek lagunarteko partida jokatuko dute heldu den abuztuaren 15ean Zarautzen. Biltzen den diru guztia Kilometroak ekimenera bideratuko da.

Partidaren aurkezpena atzo egin zuten. (KARKARA)
Partidaren aurkezpena atzo egin zuten. (KARKARA)

Realak aurredenboraldiko partidetako bat Kilometroen alde jokatu ohi du eta aurten Lehen Mailara igo den Eibar izango du aurkari.

Norgehiagoka abuztuaren 15ean izango da Zarautzen, 18.00etan, eta biltzen den diru guztia Kilometroetara bideratuko da.

Arantza Manterola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, «proposamena mahai gainean jarri, eta bi taldeen prestutasunarekin, posible izan da hasierako burutazioa egikaritzea».

Manterolak eskerrak eman dizkie, bereziki, Real Sociedad Fundazioari Ikastolen jaiaren alde urtez urte egiten duen lanagatik, baita Eibar taldeari ere ekimenarekin bat egiteagatik. Zarauzko Udalari eta Zarauzko Kirol Elkarteari partida antolatzeko eskainitako laguntza ere eskertu die.

Sarrerak aldez aurretik eskuratu ahal izango dira Orion, Erria txikota! dendan eta Il Gelato kafetegian; eta Zarautzen, Txiki Polit tabernan. Harmailetako sarrerek 15 euro balioko dute. Sarrera orokorrei dagokienez, helduenak 10 euroan salduko dira eta 8 urtez beherakoentzat 5 euroan.

Partida hasi aurretik omenaldia egingo diote Demetrio Esnaola Orioko Herri Ikastolako lehen zuzendariari. Berak egingo du ohorezko sakea.