NAIZ
PARIS

Nicolas Sarkozyren aurka beste ikerketa bat abiatu duenik gezurtatu du Fiskaltzak

Parisko Fiskaltzak gezurtatu egin du Nicolas Sarkozy presidente ohiaren aurka beste ikerketa bat abiatu duenik 2007ko hauteskunde kanpainaren finantziazioan irregulartasunak izan ziren argitzeko. Ikerketa hasi duela onartu du, baina ustezko iruzurraren arduradunik ez duela identifikatu.

Sarkozyri elkarrizketa egin zioten TF1 katean inputatu eta hurrengo egunean. (Stephane DE SAKUTIN / AFP PHOTO)
Sarkozyri elkarrizketa egin zioten TF1 katean inputatu eta hurrengo egunean. (Stephane DE SAKUTIN / AFP PHOTO)

Nicolas Sarkozyren aurkako ikerketa berririk abiatu duenik ukatu egin du Parisko Fiskaltzak. ‘Le Parisien’ egunkariak zabaldu duenez, fiskalak ikerketa ireki du presidente ohia 2007ko hauteskunde kanpaina finantzatzeko legez kanpo aritu ote zen argitzeko.

Egunkari horren arabera, uztailaren hasieran hasi zuen ikerketa; Sarkozyk ustez faktura faltsuak erabili zituen UMP bere alderdiaren izenean jartzeko bere hautagaitzako gastuak, modu horretan legeak markatzen duen gehiengoa gainditu ahal izateko.

Ikerketaren baitan, Poliziak miaketa bat egin zuen uztailaren 8an.

Fiskaltzak agiria kaleratu du eta ukatu egin du informazio hori. Azaldu duenez, ekainaren 27an aurretiazko prozedura abiatu zuen 2012ko Sarkozyren hauteskunde kanpainan legez kanpoko finantziaziorik izan ote zen ikertzeko, baina «identifikatu gabeko pertsona» baten aurka.

Bost egun beranduago, ‘Bygmalion’ izenez ezagutzen den auzia abiatu zen, 2012ko hauteskunde kanpainaren finantziazioa ikertzeko.

Uztailaren 2an 15 orduz izan zuten presidente ohia komisaldegian deklaratzen eta beste hiru epailearen aurrean. Horren ondotik inputatu egin zuten, ustelkeria eta influentzia-trafikoagatik.