NAIZ
Lekeitio

Bilera izaera indartuz amaituko du aurtengoa Lekeitioko Zine Bilerak

Ostiralean lehia amaituta azken txanpari heldu dio Lekeitioko 37. Euskal Zine Bilerak eta izenean daraman azken horren, bilera izaeraren, bueltan amaituko du aurtengoa. ‘Lekeitioko Berbaldia’ izenburupean sektorearen inguruko hausnarketa izango da larunbat goizez. ‘Zinema ikusi eta ulertu. Nola?’ mahaingurua eta ‘Euskal gatazka politikoa zinemaren bitartez’ hitzaldia izango dira.

Aurtengo edizioaren hasiera ekitaldiko une bat, epaimahaia aurkeztu zutenekoa. (Euskal Zine Bilera)
Aurtengo edizioaren hasiera ekitaldiko une bat, epaimahaia aurkeztu zutenekoa. (Euskal Zine Bilera)

37. edizioa du Lekeitioko Euskal Zine Bilerak eta urtez urte indartuz doa. Ostiralez azken lehia eguna, amaieran da aurtengoa eta bilera izaera indartzea zutenez helburu, horretan, bilera formatoan amaituko da. ‘Lekeitioko Berbaldia’ izenburupean antolatu dute larunbat goizerako iritzi trukea.

Lehen zatia mahainguruan izango da. ’‘Zinema ikusi eta ulertu. Nola?’ izenburupean Begoña del Teso zinema kritikaria, Aitor Arregi ekoizlea eta Ane Muñoz eta Mikel Garcia kazetariak izango dira hizlari. Ondoren, ‘Euskal Gatazka Politikoa zinemaren bitartez’ hitzaldia eskainiko du Josu Martinezek.

Amaiera ekitaldia 19.30etatik aurrera ospatuko dute eta NAIZen zuzenean jarraitu ahalko da streaming bidez.


Zine Bileraren laburpen bideoa.