NAIZ
BILBO

Euskal Bidearen alde BEC betetzeko deia egin du EH Bilduk

«Bidea badugu eta helmuga ere bai: askatasuna, gehiengoaren eskubideak eta interesak nagusi izango dituen herria eraikitzea», azpimarratu du Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkideak, 10.000 lagunekin BEC betetzeko deia egin duenean.

BEC betetzeko deia egin du Oskar Matutek. (ARGAZKI PRESS)
BEC betetzeko deia egin du Oskar Matutek. (ARGAZKI PRESS)

Bilboko Euskalduna Jauregiaren aurrean eginiko agerraldi batean, datorren martxoaren 7an BEC 10.000 lagunekin betetzeko deia egin du Oskar Matute koalizio legebiltzarkideak.

«Egunotan ikusi dugu, berriz ere, Estatu espainiarrak Euskal Herriarentzat alternatibarik ez duela», nabarmendu du Matutek eta, horregatik, aldarrikatu du Euskal Bidea dela «alternatiba bakarra».

«Bidea dugu eta helmuga ere bai: askatasuna, gehiengoaren eskubideak eta interesak nagusi izango dituen herria eraikitzea», adierazi du, «urtebetean birritan Troikari harrera egin dioten politikari morroien aurrean» burujabetzaren beharra azpimarratuz.

Horregatik, martxoaren 7an bi bidaia egin beharra dagoela azaldu du Matutek: alde batetik, auzo eta herrietatik BECera autobusez egingo dutena; eta bestetik, han egingo dutena, sorpresaz beteriko ekitaldia, iragarri duenez.

«BEC plaza handi bat bihurtuko dugu, herritarren plaza eta bertan hainbat gertakari izango da. Zalantzarik gabe, bertaratuko diren 10.000 pertsonak izango dira protagonistak», azaldu du Matutek.