Datorren ostegunean onartuko ditu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak Zubietan eraiki nahi duten erraustegiaren baldintza-pleguak, Foru Aldundian egingo duten bilkuran. «Erabaki oso garrantzitsua» izango dela aurreratu dute Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideek, «gipuzkoarron poltsikoak hipotekatuko dituena... 2051. urtera arte!».
Gaineratu dute Kontsortzioa jakitun dela gizarte-sektore zabal batek arbuiatzen duen proiektua dela erraustegiarena: «Seguru asko horregatik nahiago dute pauso hau eman udako egun hauetan, Gipuzkoa erdia oporretan eta beste erdiak oporrak hartzean daudenean».
Baina Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak ez du horrelako erabaki bat oharkabean pasatzen uzteko inolako asmorik. Horregatik, ostegunean bertan (hilak 28), 11.00etan, Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrean, ekitaldi batean parte hartzeko deia luzatu du.
Ekitaldia ikusgarriagoa egite aldera, mugimendutik dei egin dute maindire zuri batekin bertaratzeko (edo anbulantzietan eta kirol proben bukaeran erabili ohi diren manta termiko horietako bat).