NAIZ
DONOSTIA

San Sebastian egunez 25.000 biztanlek parte hartu dutela nabarmendu du Donostiako Udalak

25.000 parte hartzaile aktibo izan ditu San Sebastian jaiak Donostian, Udalak emaniko datuen arabera. Bandera jaitsieran sortutako giroa ere nabarmendu dute erakunde publikotik.

Konstituzio plaza, bandera igoeran. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Konstituzio plaza, bandera igoeran. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Iragan berri da San Sebastian eguna, Donostiako hiriburua alaitzen duen egunik luzeena. Eta balantzea egiteko unea da. Bada, 25.000 biztanlek festan aktiboki parte hartu izana nabarmendu du Donostiako Udalak: «Gure antzeko errolda duten hiri asko harro egongo lirateke biztanlegoaren %13,44 aktiboki bere zaindariaren festan parte hartzen duela esateko moduan balira».

Gaineratu du Udalak bandera igoeran gutxi gora-behera 7.000 pertsona zeudela Konstituzio plazan. Urtarrilaren 20an, bada, eguraldia lagun izan zutela adierazi du eta azaldu 4.977 haurrek hartu zutela parte danborradan.

Bandera jaitsierari erreparatuta, «igoera bezain jendetsua» izan zela nabarmendu du, igoera baino «parte hartzaileagoa eta kantariagoa» izan zela gaineratuz.

Jaietako zinegotzi Alfonso Gurpegiren iritziz danborrada festa «bizia, sutsua, osasun onekoa» izan da, «emozio handiz bizitzen den festa bat».