NAIZ

Urrunketa eta dispertsioarekin amaitzeko eskatuko du Etxeratek abuztuaren 5 eta 6an hondartzetan

Euskal preso politikoei aplikatzen zaien urrunketa eta dispertsio politikarekin amaitzeko hondratzetara joko du beste urte batez Etxerat elkarteak heldu den abuztuaren 5 eta 6an.

Donostian eman du Etxertek hondartzetako mobilizazioen berri. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Donostian eman du Etxertek hondartzetako mobilizazioen berri. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Etxeratek udan hondartzetan egiten dituen mobilizazioak aurkeztu ditu gaur Donostian. Abuztuaren 6an, igandearekin, egingo dituzte gehienak, Patricia Velez eta Urtzi Errazkinek jakitera eman dutenez. Hala, Lapurdin Hendaiako hondartzara joango dira, 12.00etan; Gipuzkoan, Deba, Zarautz, Orio eta Donostian, 12.00etan, eta Mutrikun, 12.30ean; eta Bizkaian Laida, Laga, Lekeitio, Ondarroa eta Muskizen, 12.00etan, Bakion 12.30ean eta Ea eta Laidatxun 13.00etan.

Bezperan, abuztuaren 5ean, Gorliz eta Plentziara joko dute, 12.30ean.

Velezek eta Errazkinek salatu dutenez, ehunka senidek pairatzen dituzte sakabanaketaren eta urrunketaren ondorioak. «Egunez egun, dispertsioaren zama erortzen da, oinazea eta mina», nabarmendu dute, eta hiru hamarkada daramatzatela asteburuoro beren bizia jokoan jartzen, «gure borondatez egiten ez ditugun bidaietan».

Euskal gizarteak dispertsioarekin eta urrunketarekin bukatzeko «borondatea eta erabakia» behin eta berriro adierazi dituela gogora ekarri dute, eta erakunde eta alderdi gehienak, PP ezik, bat datozela gaixotasun larriak dituzten presoek aske behar dutela eta preso guztiak Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara lekualdatu behar dituztela exijitzerakoan.

Salbuespen egoera honekin amaitzeko mobilizazioak beharrezko izaten jarraitzen duela uste du Etxeratek.