NAIZ
GASTEIZ

Aurrekontu sozial eta parte hartzaileak aldarrikatu dituzte Gasteizen

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta, 2.000 lagun bildu dira Gasteizen «aurrekontu sozialak» exijitzeko, «bestelako gizarte eredu bat lortzeko lagungarri izan daitezen». Mendizorrotza kiroldegian ekitaldia egin dute eta gero manifestazio bat Gasteizen zehar, Legebiltzarrean amaitu delarik.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa egin du Gasteizen. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa egin du Gasteizen. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

2.000 pertsona inguru bildu dira, Euskal Herriko Eskubide Sozialak adierazi duenez, aurrekontu parte hartzaileak aldarrikatzeko deitutako mobilizazioan. Mendizorrotzatik Gasteizko parlamenturainoko bidea egin dute, baina aurretik LAB eta ELA sindikatuetako ordezkari Garbiñe Aranburu eta Adolfo ‘Txiki’ Muñozek hartu dute hitza.

Aranburuk Lakuaren aurrekontuak «ez direla burujabeak, ez direla sozialak eta ez direla parte hartzaileak», salatu du. Zentzu horretan, aurrekontuak zein testuingurutan aurkeztu dituzten azaldu du. «Krisi ekonomikoa esparru sozialean inboluzioan sakontzeko aitzakia paregabea izan da. Erreformak eta murrizketak bata bestearen atzetik inposatu izan zaizkigu, konstituzioa bera erreformatu zuten zorraren ordainketa guztiaren gainetik jartzeko. Orain arduradun instituzionalek eta baita patronalak ere, mezu lasaigarriak bidali nahi dizkigute», adierazi du.

Testuinguru politikoaren inguruan aldiz, «inboluzio politikoaz» hitz egin du. «155.en artikuluarekin urrats bat harago joan da Estatua, birzentralizazioaren aldeko apustu argia agerian geratuz. Espainiar Estatuaren norabide autoritarioaren adierazlerik nagusiena izan da. Guztiak balio du, Espainiaren batasuna mantentzeko, baita horretarako eskubide zibil eta politiko oinarrizkoenak ere zapaldu behar badira».

ELAko idazkari nagusiak, era berean, Lakuaren aurrekontu proiektuak «desberdintasun soziala areagotu» egingo duela adierazi du: «Aurrekontu hauekin desberdintasuna areagotu egingo da. Proiektu hau aurkeztu dutenek, munduko neoliberal guztiek bezalaxe, merkatuaren esku uzten dute sortzen ditugun baliabide eta aberastasunaren banaketa».

Aurrekontua Gasteizko Legebiltzarrean onartzeke dagoen arren, Muñozek esan du bere mamia dagoeneko PPrekin adostuta dagoela: «Lehendakaria harro dago halako akordioez, aldebikotasunaren emaitza direla esaten baitu».

Horrenbestez, Muñozen ustez «argi geratu da»EAJ, PSE eta PPren artean akordio estrukturala dagoela: «Ez da harritzekoa neoliberalek politika neoliberalak hitzartu eta aplikatzea. Beste edozer ulertezina litzateke. Akordioa gauzatzeko, aurrekontuak eta zerga-politika aurrera ateratzeko behar diren botoak kontutan izanik, PP beharrezkoa da».