Gipuzkoako kale garbitzaile eta zabor biltzaileek greba mugagabea egingo dute abenduaren 19tik aurrera, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Donostian egin duten agerraldian iragarri dutenez. Zehazki, egun horretan gaueko 21.00etan abiatuko dute lanuztea.
Azaldu dutenez, lan hitzarmenaren indarraldia 2015eko abenduan bukatu zen eta 1.200 langileri eragiten die. Ondorengo jarduerak hartzen ditu: bide garbiketa publikoa, ureztaketa, etxez etxeko zabor bilketa, hiri-hondakin solidoen zabortegiak, hiri-hondakin solidoen tratamendua eta ezabapena, gaikako bilketa, birziklatze plantak, estolderiaren garbiketa eta kontserbazioa, hondartzen, kaien, ibaien eta ibai ibilguen garbiketa, mantentze lanak eta kontserbazioa.
Sindikatuon eskaera nagusien artean daude erregulazio edo prozedura bat egotea lanaldi partziala duten langileentzat lan postu hutsak betetzeko; soldatak Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) gainetik igotzea eta ultraktibitatea bermatzea.
Manifestazioa abenduaren 20an
Langileen ordezkariek salatu dutenez, bi urteko negoziazioen ondoren enpresek ez dituzte aldarrikapen horiek negoziatu nahi eta ez dute sektorearentzat proposamen zehatzik jarri mahai gainean.
Grebaren lehen egunean, abenduaren 20an, manifestazioa egingo dute langileek Donostian.