GARA
DONOSTIA

Dispertsioak hildako bi senide oroitu ditu Etxeratek urteurrenetan

Duela hamasei urte hil zen Ruben Garate Alcala Mecora egindako bisita batetik bueltan izandako istripuan. Egoera berdintsuetan hil zen Karmele Solaguren, duela hamabi urte.

Etxeratek euskal presoen sakabanaketa salatzea du lan ildo nagusietako bat, eta horren barruan, dispertsioak eragindako biktimen aitorpena. Guztira hamasei pertsona hil dira espetxeratuei bisitak egiteko kartzeletarako joan-etorrietan. Horietako bi dira Ruben Garate (bihar hamasei urte hil zela) eta Karmele Solaguren (abenduan hamabi urte bete ziren).

Etxeratek ohar baten bidez iragarri duenez, bi horien eta dispertsioaren erruz hil diren edo galerak izan dituzten guztiak oroitzeko asmoz, Karmele Gogoan ekitaldia ospatuko dute datorren astean, hilaren 18an, Barañaingo auditoriumean, 19.00etatik aurrera. Bertan, Solagurenen «heriotzaren benetako zergatiak» aldarrikatu eta «dispertsioaren biktima izatearen errekonozimendua» eskatuko dute. Ahalik eta jende gehien joateko, Iruñerrian antolatzen diren ohiko enkarteladak egin beharrean, Barañainera gerturatzeko deia egin diete herritarrei.

«Etxeratek dispertsioak sortu dituen hamasei biktimen aitortzarengatik egiten du lan, gatazkaren biktima bezala errekonozituak izan daitezen. Istripuan hil ziren, baina ez dira istripuz gertatutako heriotzak», ohartarazi dute.

Elkartearen ustez, senideek «inongo epaimahai batek ezarri ez duen zigorra» pairatu behar dute, hala nola gau amaigabeak bolante aurrean, ehunka kilometro izotz eta elurrarekin, beti erlojuaren kontra gidatzen, beti arriskuak saihesten. «Elur eta izotzezko gau batean, arriskuak bizitza ostu zion» Solagureni. «Bere heriotzaren arduradunek kalte fisiko, osasun eta ekonomikoez gain, hamasei biktima sortu dituen kartzela politika baten alde jarraitzeko apustua mantentzen dute», salatu dute. Horregatik, halakorik berriro gerta ez dadin, dispertsioaren hamasei biktimen aitortza beharrezkoa dela deritzote.

Emaztea hil, senarra larri

Solaguren barañaindarra zen eta «sakabanaketa politikak hil zuen 2004ko abenduaren 6an. Ezin ahaztu bera bezala politika honengatik hildako beste hamabost herritarrak», diote ekitaldia iragartzen duen kartelean. Solagurenek Sorian izan zuen istripua, Alcala Mecora zihoala semea, Ekain Guerra, ikustera (espetxealdi prebentiboa ezarri ziotelako zegoen han, eta gerora kargu gabe absolbitua izan zen).

Berak eta senarrak, Jose Luis Guerrak, istripua izan zuen beste auto bat ikusi zuten eta errepidean gelditu ziren zaurituei laguntzeko. Orduan, beste ibilgailu batek aurretik eraman zituen. Solaguren unean bertan hil zen eta senarra ospitalera eraman behar izan zuten. «Ez da sekula zaurietatik errekuperatu eta egun ere bere egoera oso delikatua da», azaldu du Etxeratek.

Etxera bueltan

2000. urteko otsailaren 13an Ruben Garate Antselmok bisita egin zion Jose Antonio Fernandez euskal presoari Alcala Mecoko espetxean. Etxera bueltan zetorrela istripua izan zuen eta horren ondorioz hil zen. 25 urte zituela hil zen Otxandioko gaztea. Istripu hau ez ahazteko, bere bizilagunek omenaldia egiten diote urtero herriko Motxotegi mendian. Bertan, senide, lagun eta herritarrek sakabanaketa politikari amaiera emateko eskatu ohi dute.