Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Ipar Euskal Herriko CGTko hainbat sekzio LAB baztertzearen aurka dira

Udazkenean enpresa txikietan egingo diren bozketa sindikaletan LABi aurkezten ez uzteko eskatu du auzitegietan CGTk. Audientzia ostegunean izan zen eta ebazpena abuztuaren 4an jakingo da. CGTko zenbait euskal sekzio beren sindikatuaren jokamoldetik aldendu dira.

Baionako, Donibane Lohizuneko eta Hendaiako trenbide langileen, Baionako Ospitalekoen, Biarritzeko Dassault enpresakoen, ASF-Biarritz autobideetakoen eta Hendaiako Nid Marin osasun-zentrokoen CGTko sekzioek ohar baten bidez agertu dute ez daudela ados estatu mailako CGTk LAB sindikatuaren kontra abiatutako ekimenarekin.

Hasteko, «harridura» azaldu dute beren sindikatu zentralak erabilitako formekin, ez baitie tokiko adarrei (Baiona, Hendaia eta Maule) inolako iritzirik eskatu. «Prentsaren bidez jakin dugu LABen kontra egin duela, hau enpresa txikietako hauteskundeetan aurkez dadin eragozteko», dio oharrak, auzitegiaren deliberoa dena delakoa izaki ere, «maila lokalean, CGT kaltetuta» aterako dela adierazi aitzin.

Eskaeraren mamiarekin ere ez datoz bat. Areago, beren sindikatuak erabili dituen hainbat argudiok militante asko «txundituta» utzi dituztela aitortu dute, «egunero lan egiten baitute borroken indar metaketaren eta iritzien adierazpen askatasunaren alde».

Gainera, 2010az geroztik LABen eta CGTren arteko harremana eta lan bateratua zapuzten ahalegindu diren barneko hainbat egituraren jarrera ere deitoratu ondoren, gogora ekarri dute ekain hasieran Baionaldeko CGTren batzarrak eskaera formala egin ziola Pirinio Atlantikoetako Departamenduko CGTri sindikatu abertzalearekiko duen jarrera alda zezan. Oraindik ez omen dute inolako arraposturik ukan.

«Demokrazia errespetatu»

Gauzak horrela, aipatu sekzioek gogor kritikatu dute CGTk egindakoa, eta «demokrazia errespetatuz» auzitegietako bidea utz dezala exijitu diote.

Horrez gain, beren oharrean jakinarazi dituztenekin bat egin nahi duen orori salaketara gehitzeko aukera eman diote ondoko helbide elektronikoan plazaratu duten agiria babestuz: https://www.change.org/p/elections-tpe-je-désapprouve-le-recours-engagé-par-ma-confédération-la-cgt-contre-lab.

Beste sindikatu batzuek ere sostengua erakutsi diote LABi. Hala, SUD-Sante Sociaux (osasungintza eta gizartegintza) federazioko idazkari nagusi Jean Vignesek «gizarte-aldaketarako sindikalgintzaren kontrako erasoa» salatu du, «sindikatuen azokan» lehiakide bat baztertzeko ahalegin maltzurra dela nabarmenduz. «Sindikalgintza ez da azoka bat. Kontra-botere sozial independentea izan behar du egiazko demokrazia batean», gaineratu du. Azkenik, sindikatuen «aniztasuna» babestu beharra dagoela azpimarratuta, bere elkartasuna helarazi die sindikatu abertzaleari eta Korsikako STC sindikatuari, haren kontra ere egin baitu CGTk.

Solidaires-ek ere erabat arbuiatu ditu modu horiek. Hainbat gaitan «iritzi ezberdinak» izatea zilegitzat jotzen badu ere, «zenbait sindikaturen eskubideen kontra egiteko auzitegietara jotzea ezin justifikatuzkoa» dela eta «ugazabei eta gobernuari jokoa egitea» dela deritzo.